Euskararen arnasguneen eta udalerri euskaldunen erronkak aztergai azaroaren 22an, Donostian

Jardunaldiaren aurkezpena
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA/UEMA
Actualizado: martes, 10 octubre 2017 14:25

DONOSTIA, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren bederatzigarren edizioa egingo dute azaroaren 22an, Ibaetako campuseko Carlos Santamaria Zentroan, Donostian, "Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak" izenburupean. Hitzaldiak, aurkezpenak, mahai inguruak eta parte hartzaileen ideiak eta ikuspegiak partekatzeko gune irekiak izango dira egitarauan.

Jardunaldia astearte honetan aurkeztu da, Donostian. Josu Labaka UEMAko lehendakariak azaldu duenez, azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan.

"Badago herri multzo bat gaur egun arnasgune izateko baldintzak bete arren benetako arnasgune izatetik urruntzen ari dena, batez ere euskararen erabilerari dagokionez. Herri horietako asko, gainera, eskualde buruak dira, eta herri tipologia horrek ere euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da", adierazi du.

Bestalde, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kideak egitarauaren xehetasunak eman ditu. Horrela, Mikel Zalbide (Euskaltzaindia) eta Olatz Altunak (Soziolinguistika Klusterra) euskaldun proportzio altueneko herrien inguruko ikerketa bana aurkeztuko dute. Gainera, Iñaki Agirreazkuenagak (EHU) udalerri euskaldunetan euskararen biziberritzerako legediak ematen dituen aukera eta oztopoez jardungo du elkarrizketan, Belen Urangarekin berarekin.

IKUSPEGI EZBERDINAK

Arratsaldean, berriz, arnasguneen gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu izan dioten pertsonak elkartuko dira mahaiaren inguruan, Miren Segurolak gidatuta: Zumaia (Imanol Azkue) eta Ondarroako kasuak (Goizane Arana), lurralde antolaketaren ikuspegia (Unai Fernandez de Betoño - EHU) eta hedabideena (Alberto Barandiaran - Hekimen) kontrastean jarriko dira.

Berezitasun bezala, goiz-erdian kafea hartzeko atsedenaldia eta bazkalorduko tartea partekatzeko espazio bezala definitu dituzte antolatzaileek. Parte hartzaileek euren herrietako esperientzia zehatzak elkarrekin kontrastatzeko eta iritzi trukerako gune izango dira, atseden eta indarberritzeko gune izateaz gain.

Jardunaldiaren matrikulak 55 euroko prezio orokorra du eta 40 euroko prezio murriztua ikasleentzat, langabeentzat eta Soziolinguistika Klusterreko zein UEMAko bazkideentzat. Izen-ematea soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunetik bideratuko da eta epea azaroaren 18an amaituko da.