Euskararen arnasguneen garapena aztertuko dute urriaren 10ean, Azpeitian

Ezkerretik eskuinera: Labaka, Bilbao, Mendizabal, Etxeberria eta Sarasua
UEU
Actualizado: miércoles, 26 septiembre 2018 13:37

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera" jardunaldia antolatu dute elkarlanean. Topaketaren laugarren edizioan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Jardunaldia urriaren 10ean egingo da, Azpeitian, eta matrikula egiteko epea zabalik dago www.ueu.eus web orrian.

Aurkezpenean parte hartu dute Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Josu Labaka UEMAko lehendakariak, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak.

Mendizabalek nabarmendu du arnasguneak babesteak "berebiziko garrantzia" daukala euskararen biziberritze prozesurako, "oro har arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen delako euskararen transmisioa". "Beraz, gune horiek bereziki zaindu eta ondo kudeatzen jakin behar dugu", gaineratu du.

Bestalde, Bilbaok adierazi duenez, 2014an abian jarri zenetik, "hainbat emaitza" eman ditu arnasguneei begira landutako Lurralde eta Hizkuntza proiektuak. Orain, garapen jasangarria eredu hartuta, "garapenerako jauzia" egingo dute aurtengo jardunalditik aurrerako bidean. "Oinarri batzuk jarriko dira, norabidea markatuko da, hirigintza planak egiten diren orduan, hasieratik aintzat har dadin hizkuntzaren gaia", azaldu du.

Gainera, Labakak aipatu du udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek "bereziki duen garrantzia". Bere hitzetan, "guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean. Izan ere, aurtengo jardunaldia, udalerri euskaldunentzat, giltzarria ez ezik mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz aurrera".