Euskararen erabilera "etengabe aurrera" egiten ari da EAEko Herri Administrazioetan

Actualizado: miércoles, 26 junio 2013 18:44

GASTEIZ, 26 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen IV. Plangintzaldiko (2008-2012) Euskararen Erabilera Planaren ebaluazioaren berri eman du gaur Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eusko Legebiltzarrean, eta Cristina Uriarte sailburuak bere agerraldian adierazi duenez, ebaluazio horren ondorio nagusia da "etengabe aurrera" egiten ari garela. "Euskal herri-administrazioak gaur duela 20 edo 5 urte baino elebidunagoak dira eta euskararen presentzia eta erabilera hazten ari dira", esan du.

Uriarterekin batera izan dira Legebiltzarrean Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Hizkuntza Normalizazioko zuzendari Gotzon Lobera.

Ebaluazio horrek "emaitza asko" eman ditu eta hainbat ondorio atera dira bertatik, eta Uriartek aipatu duenez, atera daitekeen ondorio nagusia da "etengabe aurrera" egiten ari garela. "Euskal herri-administrazioak gaur duela 20 edo 5 urte baino elebidunagoak dira eta euskararen presentzia eta erabilera hazten ari dira. Dena den, oso desorekatua da oraindik euskara eta gaztelaniaren arteko harremana herri-administrazioetan, eta bide luzea daukagu, euskara ere, gaur gaztelania den bezala, zerbitzu-hizkuntza ez ezik lan-hizkuntza ohikoa ere izatera iristeko", azaldu du.

Bestalde, Baztarrikak azpimarratu duenez, 2008-2012ko Plangintzaldiaren ebaluazioaren arabera berretsi egiten da 1990etik pixkanaka gertatzen ari den aurrerakada. "Aurrerakada nabarmena da herri-langileen nahiz erakunde-ordezkarien euskararen ezagutzan, baina aurrerakada apala, ez ahal eta behar bestekoa, euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan", gaineratu du.

Bere ustez, IV. Plangintzaldiak "betetze maila altua" du, baina "gabezia nabarmenak" gertatzen dira euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan, eta beraz, hori da "etorkizuneko erronka nagusia". "Euskara lan hizkuntza gisa ere pixkanaka gero eta gehiago erabiltzea, eta zerbitzu hizkuntza legez egiten den erabileran dauden gabeziak gainditzeko bidean jarraitzea da erronka, helburua baita euskararen erabilera administrazioan ere areagotzea eta herritarrek administrazioarekiko harremanetan beren hizkuntza hautua egiazki eta normaltasunez baliatzera iristea", azaldu du.

EMAITZAK

IV. Plangintzaldiaren ebaluazioa egiteko EAEko herri-erakundeak nahiz sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak aztertu dira. Ebaluazio horren emaitza nagusietan, erabilera planei dagokienez, erantzun dutenen %81ek indarrean du euskararen erabilera normalizatzeko plana, eta beste %19k ez du oraindik onartu.

Herri-administrazioetako hizkuntza-eskakizunen betetze-mailari dagokionez, guztira 35.837 lanpostu daude. Lanpostu horien %54,5ek (19.523 lanpostuk) du derrigortasun data ezarria, eta haietatik, 18.633 lanpostu dira beteta daudenak. Lanpostuen titularrak nahiz okupatzaileak kontuan hartzen badira, %82,47k (15.366 langile) egiaztatu du dagokion hizkuntza-eskakizuna. Gaur egun, 21.010 langile dira (%58,6) herri-administrazio hauetan beren lan-eginkizunak osorik edo zati batean euskaraz bete ditzaketenak.

Erakunde ordezkarien euskararen ezagutzan, erakunde ordezkarien (guztira, 3.427) bi heren baino gehiago euskara ulertzeko eta euskaraz hitz egiteko gai da. Erakunde ordezkarien erdiak baino gehiagok (% 56,4) du euskaraz lan egiteko gaitasuna. III Plangintzaldian ez zen %50era iristen.

Komunikazioari dagokionez, ahozko komunikazioan erakundeek emandako datuen arabera, leihatilan harrera egiterakoan, euskara harremanen %71n erabiltzen da eta elkarrizketara pasatzerakoan, berriz, ia %50ean. Idatzizko komunikazioan, berriz, herritarren %31k erabiltzen du euskara administraziora idatziz zuzentzen denean eta, gaztelania, aldiz, %61 inguruk. Administrazioen kasuan elebitasuna da nagusi: %63.

Langileen prestakuntza orokorrari dagokionez, eman diren ikastaroen %65 gaztelaniaz izan dira. Tresna eta aplikazio informatikoetan, 3.988 berariazko aplikazio identifikatu dira, eta horietatik erdia inguru daude euskaraz erabilgarri.

Internet eta intranet sareari dagokionez, edukien %82 inguru euskaraz erabilgarri dago. Argitalpenetan, argitalpenen erdia baino gehiago (%61,6) gaztelaniaz egiten da, eta hizkuntza-paisaietan, errotulazio nahiz noizbehinkako oharretan eta papertegian, euskarak oso presentzia esanguratsua du.

Bide seinaleen kasuan, %90etik gorako kasuetan euskararen presentzia bermatua dago. Iragarki, publizitate eta kanpainetan, elebitasuna nagusitzen da, eta euskara hutsaren presentzia oso esanguratsua da, batez ere megafonia bidez hedatzen diren mezuetan. Diru-laguntzetan eta kontratazio administratiboetan, berriz, hizkuntza irizpideak %50ean arautzen dira.