Euskararen erabilera sustatzeko proiektuentzat Bizkaiko Aldundiaren diru-laguntzak eskatzeko epea amaituko da gaur

Actualizado: jueves, 31 enero 2013 11:20

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskararen erabilera sustatzen duten proiektuetarako Bizkaiko Foru Aldundiak 2013an banatuko dituen diru-laguntzak eskatzeko epea amaituko da gaur, urtarrilak 31, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Laguntzak oso-osorik euskaraz argitaratutako argitalpenentzat eta euskara bultzatzen duten ekimenak sustatzen dituzten udalentzat, irabazi asmorik gabeko erakundeentzat eta enpresentzat dira. Halaber, informazio eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia sustatzen duten erakunde, irabazi asmorik gabeko pertsona eta elkarteek ere eskatu ditzakete laguntzak.

Berez, bost dekretu dira, guztira 3.315.000 euroko zenbatekoa dutenak, eta 2013. urtean Bizkaian euskararen erabilera sustatu, hedatu eta normalizatzeko jarduera, ekimen eta produktuetarako diru-laguntzak arautzen dituzte.

Diru kopuru handieneko diru-laguntzak irabazi asmorik gabeko erakunde, udal, udal erakunde autonomiadun eta mankomunitateen artean banatuko dira. Haietako lehenengoek, guztira, 1.400.000 euro jasoko dituzte euskararen erabilera sustatu, hedatu edo normalizatzeko.

Diru-laguntzok jaso ditzaketen jarduerak, besteak beste, hauek dira: irakurketa euskaraz sustatzea helburu duten programak, etorkinen hizkuntza-gaitasunerako programak eta euskaraz egindako materialak sustatzeko ekimenak, bereziki, haur eta gazteentzako materialak. Aipatutako erakunde publikoentzako -udalak, udal erakunde autonomiadunak eta mankomunitateak- diru-laguntzen artean, guztira 1.115.000 euro banatuko dira.

ARGITALPENAK

Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduko du euskara hutsezko argitalpenen edizioa, bi aurrekontu-sailen bidez: batetik, 90.000 euro jarriko ditu merkataritza-sozietate, kooperatiba-sozietate, banakako enpresaburu eta profesionalentzat, eta, bestetik, 350.000 euro izango dira irabazi asmorik gabeko erakundeentzat.

Enpresa-munduak ere euskararen erabilera sustatzeko laguntzak jaso ahal izango ditu, eta, hain zuzen ere, 210.000 euroko aurrekontu-sail bat gorde da haientzat.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 150.000 euro gorde ditu euskararen presentzia informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) sustatzeko diru-laguntzetarako. Helburua da euskarazko baliabide informatikoen azpiegitura ahalik eta osatuena sortzea.

Hala, laguntza emango zaie honako helburu hauek dituzten proiektuei: euskal kultur ondarearen euskarazko informazioa digitalizatu eta hedatzea, zerbitzu anitzeko euskarazko web-orriak sortzea, web bidezko parte-hartzerako eta komunitate birtualen komunikazio eta sustapenerako edukiak sortzea eta jolas eta aisialdirako produktuak.