Euskararen erabileraren garrantzia eta unibertsitateko ikasleen aktibazioa, seigarren Ika Mizkaren ardatzak

Seigarren Ika Mizka aurkeztu dute
EHU
Actualizado: viernes, 23 marzo 2018 12:56

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta "Gaztezulo" aldizkariak sustatutako Ika Mizka egitasmoak euskararen erabileraren garrantzian eta unibertsitateko ikasleen aktibazioan jarriko du arreta seigarren edizioan, "Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara? Aska ezank korapiloa" izenburupean.

Donostiako Aquariumean aurkeztu dute ostiral honetan egitasmoaren edizio berria. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak mahai baten inguruan euskarari buruz solasean jartzen ditu ekimenak.

Horrela, Ika Mizka egitasmoaren seigarren edizioan, ikasleak euskararen erabileran "aktibatu" nahi ditu, Euskaraldiaren helburuekin bat eginez. Solasaldia eta zizka-mizkak uztartuz, mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak eta animatzen diren herritarrak, pertsonaia ezagunekin batera eseriko dira beste behin.

Seigarren ediziorako aurreikusitako datak hauek dira: apirilaren 13an, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, Turismoko ikasleekin; apirilaren 25ean, EHUko Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako ikasleekin, Donostian; maiatzaren 7an, Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikasleekin.

Aurkezpenean, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak ekimenaren bertute nagusia azpimarratu du, hau da, "unibertsitate ikasleak askatasunez hitz egiten jartzea hizkuntzekin dituzten ohituren eta korapiloen gainean".

"Euskararen erabilera bultzatzeko tokian tokiko aktibazioaren bidean sakontzen ari garen honetan, unibertsitateak ere aktibazio gune interesgarria dira, inondik ere. Ona da unibertsitate ikasleak beren hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egin eta elkarren artean pentsamendu horiek konpartitzea, hori baita hizkuntza ohituretan aldaketak eragiteko lehen pausoa. Ika Mizkak aukera paregabea eskaintzen du horretarako", adierazi du.

Bestalde, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak adierazi du azken urteotan euskararen egoerak hobera egin duela EHUn, eta Gipuzkoako campuseko ikasle gehienak euskaraz egiten dituztela graduko ikasketak, "nazioarteratze prozesu batean murgildurik gauden arren".

Euskararen erabilera bultzatzeko, Ika Mizka moduko jendaurreko ekimenen garrantzia azpimarratu du. "Aurtengo gaia bereziki interesgarria iruditzen zaigu, Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen erabilera sustatzeko Aktibatu proiektu estrategikoa jarri baita martxan. Proiektuaren helburu nagusia euskal hiztun aktiboak sortzea da", azaldu du.

Aktibatu proiektuaren bidez, unibertsitateko eremu informaletan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko testuinguru egokiak sortu nahi dira, Ika Mizkan sortzen diren bezalakoak.

ESPAZIOAK IRABAZI

Halaber, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoaren esan du Mondragon Unibertsitateak aurten ere bat egiten duela Ika Mizkaren helburuarekin. Unibertsitatearen ibilbidean, euskarak unibertsitate esparruan espazioak irabazi ditzan ahalegindu direla adierazi du. Horrela, graduko eskaintza euskara ardatz duen hizkuntza proiektu eleanitzean oinarritu dute, on line ikaskuntzan euskarazko eskaintza sendotu dute eta euskarazko ikerketan aurrerapausoak eman dituzte.

"Dena dela, datozen urteetako erronkarik haundienetako bat, gure ikasleen artean eta langileen artean euskararen erabilera bultzatzean daukagu. Euskaraldia bezalako ekimenek kitzikapen efektu bat sortu dezaketela uste dugu euskararen erabilpenaren aldeko dinamikak aktibatzeko", gaineratu du.

Azkenik, José Antonio Rodríguez Ranz Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak adierazi du euskal unibertsitateetako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan euskara "normalizazio bidean edo normalizatuta" dagoela esan daitekeela. Halere, "haratago" joan beharra dagoela ziurtatu du, "euskara campusetako hizkuntza bizia eta orotarikoa bilakatuz, eremu formaletan zein ez formaletan".

"Ika Mizka dugu apirilean lehen urratsa, Euskaraldia dator ondoren, eta egunerokotasuna urte osoan zehar. Hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren garaian, globalizazioaren garaian, teknologia berrien garaian, txikiak baditu tokia eta balioa, eta horretaz gain, geurea da", esan du.