Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 30/07/2010 15:47

Euskararen eta Europa iparraldeko samieraren arteko harremana ikertu dute

   Linda Wiechetek ikerlari alemana Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusean dago EHUko Informatika Fakultateko IXA ikerketa-taldearekin lan egiteko. Lankidetzaren helburu nagusia euskara eta Norvegiako, Finlandiako, Suediako eta Errusiako iparraldean hitz egiten den samieraren aditzei buruzko informazioa lantzen duten programak sortzea da, bi hizkuntzetako itzulpen automatikoa eta azterketa sintaktikoa laguntzeko.

   "Euskara eta samiera hizkuntza gutxituak eta ez-indoeuroparrak dira, eta antzeko arazo sintaktikoak dituzte, bi hizkuntzen kidetasuna aztertuz ebatzi daitezkeenak. Euskararako prestatutako hizkuntza-programen zati batzuk samieraren hizkuntza-arazoak konpontzeko oinarri erabil ditzakegu", azaldu du Linda Wiechetek ikerlariak.

   IXA taldeak euskararako prestatzen dituen programa informatikoak gertutik ezagutzeko aukera izan ostean, zera adierazi du ikerlari alemanak: "Inspirazioa emango didate samierari buruz egiten ari naizen lanarekin jarraitzeko".

   IXA taldeak eta Linda Wiechetek ikerlariak aditzen funtzionamendua aztertu dute azken hilabeteotan, eta ordenagailuari anbiguotasunak ebazten laguntzen dion gramatika labur bat prestatu dute (hitzek esanahi bat edo funtzio bat baino gehiago dutenean, gramatika horrek aukera zuzena hautatzen 'laguntzen' dio ordenagailuari).

   "Sortu dugun gramatikak anbiguotasunak ebazten ditu; esaterako, 'katuak' hitza absolutiboan (Nor kasua: katuak ederrak dira) edo ergatiboan (Nork kasua: katuak jan du) dagoenean sortzen deneko anbiguotasuna ebazten du. Halako kasuetan, ordenagailuak lanak izaten ditu zer kasutan dagoen bereizteko. Gure gramatikak arazo hori, esparru askotan, konpontzen du", azaldu du.

   Ikerlari alemanaren ustez, hizkuntza-ingeniaritza ezinbestekoa da "hizkuntza gutxituek bizirik iraun dezaten gaur egun", eta bereziki garrantzitsua da nazioarteko ikerketa-taldeek elkarrekin lan egitea. "Egin dugun lanari buruzko zenbait artikulu argitaratuko ditut EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearekin batera, eta elkarrekin arituko gara hizkuntza gutxituen gaineko biltzarretan, Saltmil (http://ixa2.si.ehu.es/saltmil/) eta antzeko tailerrak aurkezten", gaineratu du.

LINDA WIECHETEK

   Linda Wiechetek ikerlari alemanak hizkuntzalaritza-ikasketak egin zituen Göttingen hirian (Alemania) eta, gaur egun, Norvegiako iparraldeko Tromsoko Unibertsitatean doktoregoa egiten ari da.

   Giellatekno ikerketa-taldeko kidea da. Talde horrek sami hizkuntzei (bederatzi sami hizkuntza baino gehiago daude) buruzko zenbait proiektu garatu ditu, hiztegi automatikoak, samiera ikasteko programak eta itzulpen automatikoak, besteak beste.

   Linda Wiechetek ikerlariak iaz ezagutu zuen EHUko Informatika Fakultateko IXA taldea, biltzar batean, eta aurten NILS mugikortasun-programari esker dago EHUn.

El vídeo comenzará después de segundos de publicidad.
Portal Turismo
 
la actualidad más visitada en www.europapress.es
Un empleado de Apple confirma varias características del iPad 3 La ola de frío se agudizará el fin de semana Sobresaliente 'Cum Laude' para la tesis de Camps

www.europapress.es es el portal de actualidad y noticias de la Agencia Europa Press. Publicación digital auditada por OJD.
© 2012 Europa Press. Está expresamente prohibida la redistribución y la redifusión de todo o parte de los contenidos de esta web sin su previo y expreso consentimiento.