Euskararen inguruko aurreiritzi eta jarrerak aldatzeko egitasmoa abiarazi du Jaurlaritzak

Egitasmoaren aurkezpena
Foto: IREKIA
Actualizado: jueves, 12 febrero 2015 13:27
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak euskararen inguruko aurreiritzi eta jarrerak aldatzeko egitasmo berria jarri du martxan: "eta txipa aldatuko bagenu?". Umorea erabiliz, euskal hiztunen artean ohikoak izaten diren hainbat egoera azalduko dira www.aldatutxipa.eus webgunean eta, esketxen bidez, zenbait aurreiritziren inguruko gogoeta eragitea da asmoa.

   Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendariak egitasmoa aurkeztu dute ostegun honetan, Donostian. www.aldatutxipa.eus webgunean gaur bertan hasi eta datozen hilabeteetan azalduko diren esketxen bidez, euskal hiztunen ohiko hainbat egoera eta aurreiritzi islatuko dira. Umorea lagun hartuta, euskararekiko oraindik indarrean diren aurreiritzien gaineko gogoeta eragitea da helburua, "txipa aldatzea", alegia.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, euskal hiztun bati baino gehiagori gertatzen zaio, egunerokoan, beste euskaldun batzuekin euskaraz egin arren, kalean topatzen duen ezezagunari gazteleraz galdetzea automatikoki; edo haurrari euskaraz mintza dadila eskatu, baina bikotekidearekin "gauza serioez" gaztelaniaz egitea; edo euskaraz ikasten ari direnak animatu, baina beraiekin hizkuntza horretan hizketaldi bat izateko pazientziarik izan ez.

   Egoera hauek eta antzeko beste hamaika azaleratuko ditu "eta txipa aldatuko bagenu?" egitasmoak, umorezko esketxen bidez. "Ikusle askok euren burua ikusiko dute ispilu horretan islatuta, horixe baita helburua: gogoeta eragin, euskaldunen artean euskararekiko jarrera aldaketa erraztu, txip aldaketa bultzatu. Jarrera positiboa eta aktiboa bultzatu nahi du egitasmoak", azaldu du Baztarrikak.

   "Aurreiritziak alde batera utzita, ahal den guztietan euskaraz jarduteko eskaera, edonorekin, edozein egoeratan. Poziktibity jarrera azken finean. Modu honetan, Eusko Jaurlaritzak indarrean daukan Poziktibity ekimenarekin bat egiten du 'eta txipa aldatuko bagenu?' egitasmoak ere", gaineratu du.

   Egitasmoak abiarazi du dagoeneko bere ibilbidea sarean, eta datozen sei hilabeteetan www.aldatutxipa.eus webgunean egongo dira ikusgai aipaturiko esketxak. Atalka-atalka, euskal hiztunen artean oso ohikoak diren egoerak irudikatuko dira.

LAU ATAL

   Zehazki, lau atal izango dira. Lehenean, "Lehen hitza euskaraz" izenekoan, euskal hiztunak egoera guztietan lehen hitza euskaraz egiten al duen ala aurreiritziz jokatzen duen ezezagunaren aurrean galdetuko da. Errealitate honetaz ohartarazten duten zenbait egoera islatzen dira esketxetan.

   Bigarrenik, "Euskaldun berriarekin pazientziarik ez" atalean, euskara ikasten ari direnak gogotsu daude, euren maila hobetu nahi dute eta horretarako inguruneak bilatu nahi dituzte, baina, euskaldunak nola hartzen du bere ahalegina? Ba al du pazientziarik?

   Hirugarren atala "Taldean erdaraz batengatik" da. Oso ohitura zabaldua da, euskaldunon artean, erdarara jotzea taldeko kide batek euskaraz ez dakienean. Azkenik, "Haurrari euskaraz eta bikotearekin erdaraz" atalean, seme-alabek erabiltzen duten hizkuntzaren arduradun sentitzen da guraso euskal hiztuna, baina bikotearekin umeen aurrean erdaraz egiten dugu.

   Baztarrikak azaldu du eguneroko egoera hauek irudikatzeko umorearen aldeko apustua egin dela, "kritika hutsak egitea baino hobe baita umorearekin jokatzea, eraginkorragoa da emaitzatan".

   Bestalde, "eta txipa aldatuko bagenu?" egitasmoak sare sozialetan ere oihartzuna izan nahi du, eta horregatik, ekimenak herritar guztiak animatu nahi ditu sare sozial eta bestelako bitartekoen bidez, esketx hauen zabalkundean lagun dezaten. "Kontzientzia sortzen eta txipa aldatzen laguntzeko beste pauso bat" izan daiteke horrela #aldatutxipa traola.

   Gainera, 'Argia' astekariaren Interneteko azal nagusian (www.argia.eus) ere banner batek deia egingo du, esketxak ikusi eta egitasmoarekin sare sozialetan bat egiteko.