Euskararen kale erabilera apaldu egin da azken hamar urteetan eta %12,6koa da

Hizkuntzen kale erabileraren emaitzak aurkeztu dituzte
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Actualizado: miércoles, 12 julio 2017 14:30

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzen arabera, euskararen kale erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan, 2006ko %13,7tik 2016ko %12,6ra. Halaber, hiztunak zenbat eta gazteago izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskara.

Bestalde, joera desberdinak sumatzen dira herrialdearen arabera. Horrela, Bizkaian (%8,8), Gipuzkoan (%31,1) eta Ipar Euskal Herrian (%5,3) euskararen erabilera txikitu egin da, eta Arabako (%4,6) eta Nafarroako kaleetan (%6,7), aldiz, aurreko neurketetan baino euskara gehiago entzun da.

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu ditu asteazken honetan Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ibaetako campusean egindako agerraldian. Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak eman du 2016an Euskal Herri osoan behaketa bidez jasotako datuen berri.

Ikerketa honetan, Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso dira datuak, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa bildu da. Altunak adierazi du jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estatistikorako baldintzak.

Altunarekin batera aurkezpenean egon da Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria, eta ikerketak "euskararen egoera aztertzeko duen balioa" eta "orain arteko ibilbidean izandako garapen tekniko eta profesionala" azpimarratu ditu. Altuna eta Etxebarriarekin batera, Iñaki Martinez De Luna, Eneko Anduaga eta Eneko Gorri ere aurkezpenean izan dira, Batzorde Zientifiko zabalagoaren ordezkari gisa.

Modu honetan, euskararen kale erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan: 2006an %13,7koa zen, eta 2016an, berriz, %12,6koa. Azken bost urteetan, gainera, euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera txikiagoa ere neurtu da: %3,7tik (2011) %2,7ra (2016).

Hego Euskal Herrian, 2011tik 2016ra, euskaldunak %50 baino gutxiago diren herrietan mantendu egin da euskararen erabilera maila; euskaldunak herritarren %50 baino gehiago diren herrietan, aldiz, jaitsiera neurtu da. Ipar Euskal Herrian, berriz, azken bost urtean, euskararen ezagutza gutxiagoko eremuetan kaleko erabilera jaitsi egin da, eta ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) igo.

Hiriburuetako euskararen kale erabileraren bilakaerek bakoitzaren lurraldeko joera bera izan dute, Iruñean izan ezik: Iruñeko erabilera maila bere horretan dago 1997tik. Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean, Donostia eta Bilbon txikitu egin da kaleko euskararen erabilera, eta Baionan gaztelaniaren erabileraren bezain bestekoa da euskararena.

ADINA

Adinari dagokionez, haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Haien ostean, gazteak (%12,3), helduak (%11,5) eta, azkenik, adinekoak (%8,1) dira euskara gutxien erabiltzen dutenak. 1989tik haurren, gazteen eta helduen euskararen erabilerak gora egin du, eta adinekoenak, berriz, etengabeko beherakada izan du. Hala ere, 2006tik 2016ra adin talde guztietan atzerakada gertatu da.

Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskara kalean. Haur, gazte eta helduetan ematen den joera da. Azken hiru neurketetan errepikatu den joera da eta lurralde guztietan gertatzen da.

Haurren presentziak eragin handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira (%19,3), eta baxuenak, berriz, nagusiak haurren presentziarik gabe ari direla (%8,6). 2006tik 2016ra, Euskal Herria mailan, haurren arteko euskararen erabilerak jaitsiera izan du. Ipar Euskal Herriari soilik begiratuz, ordea, haurren arteko elkarrizketetan euskararen erabilera 2,5 puntu igo izana.

27 URTE

Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa ibilbide luzeko ikerketa lan zabala da, Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen eskutik 1989an abiatu eta 2001etik Soziolinguistika Klusterrak egiten duena. 27 urtetan zazpi argazki atera zaizkio euskararen erabilerari Euskal Herri osoan.

Ikerketak hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du, kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz. Euskal Herrian bertan sortua da metodologia, eta zazpi edizioetako eskarmentuak metodologia aski sendotzea ahalbidetu du. "Gaur egun, ezinbesteko erreferentzia da euskararen bizi indarra ebaluatzeko", adierazi dute.

Ikerketa honek erakunde hauek izan ditu finantzatzaile: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafar Institutua-Euskarabidea, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Iruñeko Udala, Gasteizko Udala eta beste 36 udal.