Euskararen osasun digitala ona da baina IKTen merkatua handitu behar da

Giménez Bech, Baztarrika eta Díaz de Lezana
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: miércoles, 17 diciembre 2014 14:27
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

"Euskarazko IKTak" mintegiak 155 lagun bildu ditu Bilbon eta Eusko Jaurlaritzak jarraipena emateko asmoa azaldu du

   BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskararen osasun digitala ona dela azpimarratu du, eta hala erakusten du, adibidez, munduko hizkuntzen %5a besterik ez dela erabiltzen Interneten eta horietako bat euskara izateak. Hala ere, erronka Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren (IKT) produktu guztiak erabiltzea eta, ondorioz, euskarazko IKTen merkatua handitzea izan behar dela esan du.

   Eusko Jaurlaritzak Bilbon antolatu duen "Euskarazko IKTak" mintegiaren harira egin ditu adierazpenok Baztarrikak, Jorge Giménez Bech Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariarekin eta Araceli Díaz de Lezana Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Plangintzako arduradunarekin batera emandako prentsaurrekoan.

   Baztarrikak gogorarazi du euskarak "aurrerapauso handiak" egin dituela azken urteetan, baita IKTen arloan ere, batez ere, "komunitate digital dinamikoa" dugulako eta lankidetza publiko-pribatua gauzatzen jakin delako. Gainera, nabarmendu du Jaurlaritzak hasieratik hartu duela "tren hau", "alde egiten utzi gabe".

   "Aspaldi hasi zen Jaurlaritza euskarazko IKTak aztertzen, sustatzen eta zabaltzen, argi izanda arlo hori gure hizkuntzarentzat ezinbestekoa dela. Ibilbide horretan, Euskadiko nahiz kanpoko agente teknologikoak izan ditu lagun, eta guztion artean jorratutako bidea da euskara IKTetan egin duena", azaldu du.

   Ildo honetan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 aldirako Euskararen Agenda Estrategikoak ere helburuen artean duela "IKTak, hizkuntza teknologiak barne, euskararen garapenerako baliatzea, horretarako bideratutako ekimenak sendotuz". Halaber, duela gutxi bildu zen Euskararen Aholku Batzordeak ere IKTei buruzko batzordea sortu duela azpimarratu du.

   Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du "oso garrantzitsua" dela euskara teknologia berrietan integratuta egotea, "aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada". "Ez da posible euskararen bizi indarra neurtzea euskararen bizi indar digitala kontuan hartu gabe", ziurtatu du.

   Horrela, bizirauten duten hizkuntzak "hiztunak dituztenak, irakasten direnak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak, ikasteko, gozatzeko, dibertitzeko edo komunikatzeko erabiltzen direnak, garaian garaian herritarren premia komunikatiboetara egokitzeko gai direnak" direla esan du, eta IKTetan egotea ez dela aukerazkoa, ezinbestekoa baizik, "IKTetan ez dagoen edozein hizkuntza zokoratua izango delako".

OSASUN DIGITALA

   Patxi Baztarrikak euskararen osasun digital ona dela nabarmendu du, eta hori erakusten duten datu batzuk eman ditu. Horrela, munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da, sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. posizioa izanik.

   Halaber, Twitterren 33 hizkuntza daudela eta horietako bat euskara dela nabarmendu du, oraindik Europako Batasuneko (EB) hainbat hizkuntza ofizial aipaturiko sare sozialean ez dauden bitartean. Gainera, Wikipedian 204.000 artikulutik gora euskaraz daude, eta 34. postuan dago euskara sareko entziklopedia horretan, EBn ofizialak diren 11 estatu hizkuntzatan baino gehiago egonik euskaraz.

   Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gogorarazi du itzultzaile automatikoa Interneten edonoren eskura dagoela euskara-gaztelania, gaztelania-euskara eta ingelesa-euskara norabideetan, eta hilero 350.000 itzulpen inguru egiten dituela jakinarazi du.

   Gainera, euskara ikasteko erabilera handiko baliabide teknologikoak daudela gogorarazi du, hala nola HABEren webgunea (640.000 bisita urte batean) edo Ikasbilena (522.000 bisita), horietan erabiltzaileek emandako denbora 45.000 ordu izanik urte batean.

MINTEGIA

   Modu honetan, Patxi Baztarrikak esan du "Euskarazko IKTak" mintegiak, jarraipena emateko asmoaren antolatu denak, alde batetik espazio bat sortu nahi duela euskarazko IKTen produktuak eta tresnak elkarrekin partekatzeko eta kontrastatzeko, eta, bestetik, behar berriak elkarrekin identifikatzeko.

   Bestalde, Araceli Díaz de Lezanak azaldu du 155 lagun bildu direla mintegian eta "interes handia" sortu duela, batzuk kanpoan geratu behar izan direlako, "aforoa beteta zegoelako". "Hurrengorako aforoa handitzea pentsatu behar dugu", gaineratu du. Ildo horretan, Baztarrikak esan du "harrigarria" dela ekimenak izan duen harrera, "ez delako ohikoa aforoa betetzea".

   Mintegiaren nondik norakoei dagokienez, Jorge Giménez Bechek adierazi du Baztarrikaren sarrera hitzaldiaren ondoren, Google enpresako Luis Colladok hitza hartu duela, hizkuntzen teknologien "norantz" doazen eta euskara bezalako hizkuntzek egungo mundu aldakorrean zein leku izan dezaketen jorratuz.

   Ondoren, mintegiaren lehen blokea hasi da, euskarazko softwarearen inguruan, eta Montserrat Pardok (Microsoft Ibérica), Iñaki Larrañagak (Zundan enpresa), Miren Martínezek (Grupo i68) eta Joxe Mari Larrañagak (Fagor Automation) hitz egin dute.

   Bigarren blokea hizkuntza tresna eta baliabideen ingurukoa izan da, eta Elhuyar Fundazioko, UZEIko, Euskaltzaindiko, HABEko, Wikipediako, Berria egunkariko, HAEEko, Herri Administrazio eta Justizia Saileko eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak mintzatu dira.

   Azkenik, arratsaldeko saioan aplikazioak eta sare sozialak izango dituzte hizpide Iametza Interaktiboa, Akting Ingeniaritza, EuskalApps eta Code Syntaxeko ordezkariek, eta mintegia bukatzeko, etorkizuneko erronkak eta ondorioak aztertuko dituzte Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Xabier Arrieta Izenpeko zuzendariak, Koldo Unanue Euskalteleko Marketing zuzendariak eta Araceli Díaz de Lazanak, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia moderatzaile dela.