Euskarari lotutako interneteko bideo laburren lehenengo lehiaketa antolatu dute Azkue Fundazioak eta BBK-k

Ariztondo eta Saenz de Buruaga, aurkezpenean
BBK
Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 17:42

Lehenengo BBKklip lehiaketa, euskarari lotutako interneteko bideo laburrentzat

Euskara izango da lehiaketako hizkuntza protagonista, eta, bideoetan, era guztietako arte- eta sormen-adierazpideak jaso ahalko dira. Bi modalitate eta hiru kategoria egongo dira euskara hizkuntza dibertigarri eta berritzaile gisa, baina, aldi berean, tradizional eta gatzdun gisa aurkeztuko duten lanik onenak saritzeko.

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Azkue Fundazioko presidente eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok eta BBK-ko zuzendari nagusi Juan Maria Saenz de Buruagak BBKklip lehiaketaren lehenengo edizioa aurkeztu dute. Lehiaketa euskarari lotutako interneteko jatorrizko bideo laburrentzat da.

Erakunde bietako arduradunek nabarmendu dute BBKklip proiektua dela BBK-k eta Azkue Fundazioak lankidetzan egiten duten lehenengoa. Lankidetza hori lehiaketa honekin hasi da. Euskara ardatz nagusi eta teknologia berriak adierazpide dituen lehiaketa bat da: hizkuntza zaharrenetako bat eta berrikuntza zein aurrerapen teknologikoa uztartzen dira.

Lehiaketa adin guztietako jendearentzat da. Bi modalitate daude, parte-hartzaileen adinaren arabera, eta hiru kategoria modalitate bakoitzeko. Lan guztiak, azalpen-testuak eta ahotsa euskaraz izango dira, eta gaia librea izango da, sortzaileek nahi dutena.

Lanak aurkezteko epea ekainaren erdialdean hasiko da, eta aurtengo irailaren 15ean amaituko da. Horrez gainera, ekitaldia ixteko jaialdi bat egingo da BBKren areto berrian; jaialdian, lehiaketarako berariaz sortutako sei sariak banatuko dira.