Euskarazko antzezlanen aurretik hitzaldi-solasaldiak antolatuko dituzte Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokia
Europa Press
Actualizado: lunes, 22 enero 2018 17:02

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eta Arriaga Antzokiak euskarazko antzezlanak ikustera joan eta ondo pasatzera animatu nahi dituzte herritarrak, euskarazko kultur ekitaldiei balio erantsia emanez. Horrela, antzokian antzezlanak euskaraz eskaintzen direnean, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago, hitzaldi-solasaldia antolatuko da antzezlana ikustera doazenentzat. Ekimena joan den urteko urrian jarri zen abian, "Giltzadun Etxea" eta "Obabakoak" antzezlanak euskaraz estreinatu zirenean.

Arduradunek azaldu dutenez, hitzaldi-solasaldiak Arriaga Antzokiko foyerrean egingo dira ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago, Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasterio idazle eta hizkuntzalariaren eskutik. 20 minutuan antzezlanaren nondik norakoak azalduko ditu: testuingurua, egitura, testuinguru soziala, taularatzea, zuzendaritza eta eszenaratzea.

Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailaren eta Arriaga Antzokiaren helburua da euskaraz egiten den kultura sustatzea, eta, bide batez, ikus-entzule euskalduna fidelizatzea eta bultzada ematea. Hitzaldi-solasaldiek ez dute sarreraren prezioan inolako eraginik izango.

Horrela, ekimenaren hurrengo hitzordua asteazkenean, ostegunean eta ostiralean izango da, urtarrilaren 24an, 25ean eta 26an, "Dublindarrak" antzezlanarekin. Lehen bi egunetan, antzezlana 11:00etan eskainiko da, eta hitzaldi-solasaldia 10:30ean egingo da; ostiralean, aldiz, saioa 20:00etan izango da, eta hitzaldi-solasaldia 19:30ean.