Euskarazko datu terminologiko meteorologikoen banku eguneratua aurkeztu dute

Donostian eskainitako agerraldian izan diren arduradunak
IREKIA
Actualizado: jueves, 23 marzo 2017 13:43

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Euskarazko datu terminologiko meteorologikoen Euskalterm bankua eguneratzeko azken lanak aurkeztu dituzte ostegun honetan Donostian Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Eguzkiñe Iturrioz Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren meteorologoak eta Begoña Arrate UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroko teknikariak. Meteorologiarekin loturiko 1.421 definizio eguneratu dira, definizio egoki edo zehatzagoak emateko, meteorologian dagoen arazoetako bat euskaraz erabiltzeko terminologia homogeneizatu eta baliozkoturik ez izatea baita.

Lanak duen garrantzi zientifiko-teknikoa eta helmen soziala, eta euskararen erabilera normalizatu eta eguneratzeko egiten duen ekarpena nabarmendu ditu Segurtasun sailburuak. Euskalmeteko bi meteorologo arduratu dira lanaz, UZEIk eskatuta, eta, horri esker Euskalmetek termino meteorologikoen eskuliburu bat eta estilo liburu gero eta zabal eta sakonagoa izango ditu.

"Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren ezaugarrietako bat euskarazko komunikazioa da, eta, egunez egun, beraz, batetik, eguraldia iragartzeko eta, aldi berean, larrialdi egoerak saihesteko egiten dugu lan, eta, bestetik, meteorologiaren eremu espezifiko eta teknikoan hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko", azaldu du Beltran de Herediak.

Bestalde, aurten "Hodeiak irakurtzen" goiburupean ospatuko den Meteorologiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Segurtasun sailburuak nabarmendu du herritarrek meteorologiari buruzko ezagutzak izatea sustatu behar dela, "gizartea autobabeserako hobeto prestatuta egon dadin baldintza meteorologiko txarrak direnerako".

"Segurtasun Sailaren helburuetako bat da meteorologiaz gehiago jakiteko bideak jartzea eta hezitzaileei eta gizarteari, oro har, erremintak eskaintzea, behar izanez gero hobeto antolatu gaitezen eta gure burua hobeto babestu ahal izan dezagun", azaldu du.

POSTERRA

Hainbat erreminta eskaintzeko asmoaren baitan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak poster zientifiko eta dibulgatzaile bat argitaratu du euskaraz eta gaztelaniaz. Bertan hodei mota nagusiak deskribatzen dira, Euskadiko leku enblematikoenetako argazkien bidez. EiTBko "Eguraldia" programaren eta Euskalmeten aurreikuspenen jarraitzaileek musutruk bidalitako argazkiak dira.

Poster hori "Unitate Didaktiko Meteorologikoak" izeneko dibulgaziozko proiektuaren "lehen harria" izango da, eta hezkuntzan publiko zabal batek erabiltzeko erreminta izatea nahi da. Lehenengo unitatea, 2017ko Meteorologiaren Nazioarteko Egunaren goiburuarekin bat, hodeiak eta hodei motak ezagutzeko izango da, eta ondoren beste hainbat fenomeno meteorologiko aztertuko dira, hala nola fronte sistemak, behe lainoak, baldintza meteorologiko txarrak, klimatologia, galernak eta abar.

Azkenik, jakinarazi dute Euskalmeten Twitter kontua 100.000 jarraitzailera iristear dagoela, eta, era horretan, Euskadiko gizarte sareetan ezarpenik handiena duenetako bat izango da.