Euskarazko hedabideen etorkizuna hizpide asteazkenean Bilbon

Akademiaren Bilboko egoitzan izango da jardunaldia
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 21 febrero 2017 13:40

   BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta Euskaltzaindiak "Euskal hedabideak, itun bila" jardunaldia egingo dute asteazkenean, otsailaren 22an, Akademiaren Bilboko egoitzan, eta euskarazko hedabideen etorkizunaz arituko dira parte hartzaileak. Topaketa goizeko 09:15ean hasiko da, Jone Goirigolzarrik, Xabier Landabideak, Alberto Barandiaranek eta Libe Mimenzak parte hartuko dute, eta sarrera doakoa izango da, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

   Modu honetan, mintegian parte hartuko duten kazetari eta irakasleak galdera hau erantzuen saiatuko dira: "Herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea ziurtatu ahal izateko, posible ote da hedabide eta administrazioaren arteko itun zabal bat?". Bide batez, euskaraz jarduten duten hedabideen egoera azalduko da.

   Antolatzaileek gogoratu dute hedabideak hizkuntza baten biziberritzerako "funtsezko zutabeetako bat" direla, eta euskal hedabideek, 30 urtetik gorako ibilbidea egina duten arren, "oraindik egonkortasuna falta" dutela, "erronka eta proiektu berriei heltzeko beharrezkoa den berme minimoa".

   Hori dela eta, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea ziurtatu ahal izateko, administrazioaren aitortza eta batzuen eta besteen arteko ituna proposatzen du Hekimen elkarteak.