Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Goia eta udal taldeetako bozeramaileak
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 19 junio 2018 14:09

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du, bere mendeurrenean, Udal Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako erabakiaren ondoren. Eneko Goia Donostiako alkateak eta udal taldeetako bozeramaileek irakurri duten komunikatuan jakinarazi da erabakia. Eusko Ikaskuntzak euskal kultura garatzeko egindako lanak eta 100 urteotan hiriarekin izan duen lotura nabarmendu dituzte.

Donostiako Udalak saria ematea erabaki du Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela eta. Eusko Ikaskuntza Donostian sortu zen, 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta, euskal kultura hedatzeko eta ikertzeko eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideako topatzeko helburuekin.

Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, "Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zelako eta iristeko errazena zelako". "Eta horrela sortu zen erakunde hau, hain zuzen ere, euskal kulturaren modernitatearen hsiera ekarri zuen erakundea, eta egun 100 urteren ondoren Miramar Jauregian bere jarduera garatzen jarraitzen duen erakundea", adierazi dute.

Donostiako Udalak hartutako erabakian nabarmentzen da Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana "izugarria" izan dela mende osoan zehar. "Gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri ditu. Eta gainera, elkarte honek hasieratik izan du Donostiako Udalaren laguntza. Hala, donostiar asko izan da Eusko Ikaskuntzaren bidelagun, eta Udala bazkidea da hasiera-hasieratik, eta elkarteak berak garatutako hainbat jarduera hartu eta babestu ditu", azaldu dute.

Euskaltzaindia sortzeko bilera eta lan guztiak egin izana ere nabarmentzen du Donostiako Udalaren erabakiak, baita Foru Aldundiaren egoitzan Euskal Liburutegia ezarri izana ere, bertatik Euskal Unibertsitatearen eta autonomia politikoaren lan ildoak ezarriz. Gainera, Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, euskarazko antzerkia sustatu zuen, eta ahalegin handia egin zuen emakumeak kulturaren eta zientziaren arloan barneratzeko.

Gerra Zibilak eta diktadura frankistak eten zuten Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea eta debekua ezarri zioten bere jardunari. Behin diktadura amaituta, Eusko Ikaskuntzak 1978an lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen. "Ordutik hona, Eusko Ikaskuntza gure herriaren historia kulturalean mugarri izan diren gertaera askoren eragile izan da, eta horien lekuko izan dira Donostia eta donostiarrak", adeirazi dute.