Eusko Jaurlaritzak 1,92 milioi euro erabiliko ditu ikus-entzunezkoen sektorea laguntzeko

Actualizado: martes, 24 mayo 2011 16:00

GASTEIZ, 24 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezkoen arloan sorrera, garapen eta produkzioaren aldeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duen Kultura sailburuaren Agindua onartu du gaurko bileran, eta horretarako, guztira, 1.920.000 euro erabiliko ditu.

Kontuan hartuta ikus-entzunezkoen arloa egungo gizartean gero eta garrantzitsuagoa dela eta horren garapenak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta ekonomia aberasten dituela, Eusko Jaurlaritzak beste deialdi bat egin du, arreta ikus-entzunezkoen sektorean aurkeztutako proiektuetan jarriko duena.

Deialdi honen bidez, besteak beste, honakoak sustatuko dira: gidoiak sortzea, proiektuak garatzea (fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak nahiz multimediakoak) eta ikus-entzunezko lanak ekoiztea (zinema edota telebistarako fikziozko film luzeak, zinemarako animaziozko film luzeak, sortze-dokumentalak eta zinemarako fikzio nahiz animaziozko film laburrak). Deialdi berriaren helburu nagusia kulturaren ikuspegitik EAEn hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura finka dadin sustatu eta laguntzea da.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako diru-kopurua 1.920.000 euro da, eta bi modalitaten banatuko da. Lehenengoa Oroiektuen garapenerako laguntzak dira, eta 200.000 euro erabiliko dira zinemarako, telebistarako eta multimediarako proiektuak garatzeko. Hautatuak izateko, proiektuek honako generoetako batean sailkatuta egon behar dute eta horien guztizko iraupenak ezingo du adierazten dena baino gutxiago izan: zinema edota telebistarako lanak (fikziozkoak, animaziozkoak eta sortze-dokumentalak); multimedia-lanak, hots, eduki artistiko eta kulturaleko proiektuak.

Bigarren modalitatea ikus-entzunezkoen produkziorako laguntzak dira, eta hemen 1.720.000 euro erabiliko dira, bost sailetan banatuta: zinemarako diren fikziozko film luzeak ekoizteko laguntzak; telebistarako diren film luzeak (TV moviak) ekoizteko laguntzak; zinemarako animaziozko film luzeak ekoizteko laguntzak; sortze-dokumentalen produkziorako laguntzak eta film laburren produkziorako laguntzak.

Ez dute laguntza hauek jasotzeko aukerarik izango 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen estreinatutako lanek.