Jaurlaritzak 2,2 milioi banatuko ditu botiken baterako ordainketa konpentsatzeko

Botikak
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 30 julio 2015 10:32

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila abuztuaren 1ean hasiko da botiken baterako ordainketa konpentsatzeko 2015eko lehen epeko laguntzak ordaintzen. Guztira, 2.275.721 euro banatuko ditu, eta jasotako 81.946 eskariengatik itzuli beharreko dirua estaliko du horrela. Euskadi honelako laguntzak ematen dituen Estatuko autonomia erkidego bakarra da gaur egun, Osasun Sailak nabarmendu duenez.

   Modu honetan, egunean 500dik gora eskaera jaso ziren, batez beste, epea otsailaren 2an zabaldu zenetik ekainaren 10ean itxi zen arte. Lurraldeka, eskaeren %14,39 (11.791) Araban bideratu ziren, %58,13 (47.637) Bizkaian eta %27,48 (22.518) Gipuzkoan. Datorren astetik aurrera ordainduko den kopurua onuradunek sei hilabetez (2014ko abenduaren 1etik 2015eko maiatzaren 30era arte) botiketan gastatu duten zenbatekoari dagokio.

   Lehenengo epe honetan, pertsonako egingo den itzulketaren zenbatekoa batez beste 30,7 eurokoa da. Pertsona horiek jasoko duten zenbateko txikiena 0,09 eurokoa da, eta handiena 401,01 eurokoa (legez langabezia egoeran dauden eta %50eko ekarpena egiten duten pertsonak).

   2015. urteko lehenengo epeko onuradun guztien artean, pentsiodunak %93,75 izango dira, eta legez langabezia egoeran dauden eta langabeziako prestaziorik eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarik jasotzen ez dutenak %6,25.

   Laguntzen eskaerak aurkezteko bigarren epea zabalik da oraindik: ekainaren 11n ireki zen eta abenduaren 10era arte egongo da zabalik. Oraindik ere inprimaki bat beteta aurkeztu daitezke eskabideak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak), Osakidetzaren osasun zentro eta anbulatorioetan, Osasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan eta Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren egoitzetan.

AUTONOMIA ERKIDEGO BAKARRA

   Euskadi da, hain zuzen ere, eta bigarren urtez jarraian, pentsiodunei eta talde txiroei zuzendutako konpentsazio neurriak ezarri dituen Estatu osoko autonomia erkidego bakarra, eta arrazoi ekonomikoen eraginez "inork preskribatutako botika hartzeari utzi behar ez izateko ezarri da".

   Jon Darpón Osasuneko sailburua pozik agertu da aurten ere gaixotasun eta beharrizan egoera objektiboan dauden pertsonei aurreratutako dirua itzultzearekin, horrek osasun tratamenduekin jarraitzea ahalbidetzen baitie. "Gure helburua osasun arloan berdintasuna bermatzea da. Horregatik, Gobernu honek gure osasun sistema babestearen eta osasuna pertsona guztien eskubidea izatearen alde lan egiten jarraituko du", ziurtatu du.

   Era berean, Eusko Jaurlaritzak osasun tratamenduekin jarraitu behar duten pertsonek egin beharreko baterako ordainketa arintzeko 11 milioitik gorako aurrekontu saila gordetzeko egin duen ahalegina azpimarratu du.