Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euro bideratuko ditu kirol federazioen programak finantzatzera

Publicado: martes, 23 enero 2018 13:16

GASTEIZ, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 2.445.000 euro banatuko ditu diru laguntzetan euskal kirol federazioen artean, beren programak finantzatzeko asmoz. Aurtengo nobedade nagusia da diru laguntzen zenbatekoa ezartzeko orduan kontuan hartuko dela sexuen arteko aldeak ekiditeko, emakumeen parte hartzea bultzatzeko eta, oro har, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna indartzeko ekimenak sustatzea. Iazko deialdian 47 federaziok jaso zuten diru laguntzaren bat deialdi honen bitartez, Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez.

Federazioentzat funtsezkoak diren diru-laguntza hauek banatzeko orduan zenbait irizpide hartzen dira kontuan: federazioaren kirol programa (puntuen %60); ekimenak sustatzea sexuen arteko aldeak ekiditeko, emakumeen parte hartzea bultzatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna indartzeko (%10); euskararen erabilera (%10); autofinantziaketa maila (%5); lizentzia federatua duten kirolariak eta kirol lizentziak plataformaren erabilera (%5); Jaurlaritzak edota Kirolaren Kontseilu Gorenak onartutako goi mailako kirolarien kopurua (%5); Euskaliteko 3k Programaren Kudeaketa Aurreratuaren Diploma (%5).

Eusko Jaurlaritzaren ekarpena deialdirako 95.000 euro gehitu da iazkoarekin alderatuta. Diru laguntza hauez gain, Lakuako Gobernuak bestelako diru laguntzak bideratzen ditu kirol federazioetara eta Euskal Kirol Federazioen Batasunera (EKFB).