Eusko Jaurlaritzak 25 milioi jarriko ditu aurten eta 2012an ikerketa kooperatiboko zentroei laguntzeko

Actualizado: martes, 5 abril 2011 19:45

GASTEIZ, 5 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Ikerketa Kooperatiboko Zentroen kategorian egiaztatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteei laguntzeko programaren 2011ko ekitaldirako laguntzen deialdia onartu du gaur. Laguntza horiek 12 milioi euroko aurrekontua dute 2011. urterako, eta 13 milioi eurokoa hurrengo ekitaldirako; guztira, beraz, 25 milioi euro bi urtetan. Maiatzaren 31n amaituko da eskaerak aurkezteko epea.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ikerketa kooperatiboko zazpi zentro daude une honetan: bioGUNE, biomaGUNE, microGUNE, marGUNE, nanoGUNE, tourGUNE eta energiGUNE.

I+G+Bko politika publikoak zehaztutako arlo estrategikoetan bikaintasun-ikerketako eta goi-mailako prestakuntzako lanak egiteko izango dira diru-laguntzak. Ikerketa kooperatiboko zentroek gauzatutako jarduera ez-ekonomikoaren guztizko kostuaren %100eraino lagunduko du diruz programa horrek.

Diru-laguntzaren xedetik kanpo geratuko dira, besteak beste, jarduera ekonomikoa, industriarekiko kontratupean egindako ikerketa; ikerketa-azpiegituren alokairua eta Europako araudiak eskatutako baldintzekin bat ez datozen gainerako jarduera ekonomikoak.

Zientzia eta teknologia-politikaren apustu estrategikoen tresna gisa sortu dira ikerketa kooperatiboko zentroak. Gainera, nazioarteko zientzia-komunitateko ikertzaileak erakartzeko gaitasuna duten proiektuak dira. Benetako jakintzaguneak dira, nazioarteko proiekzioa dutenak eta ikerketan goraka ari diren jakintza-arloetara -biozientziak, nanozientziak edo energia- bideratu nahi dutenak.

Euskadiko ekonomia eraldatzen lagundu nahi du inbertsioak, Europan ikerketaren eta teknologiaren erreferentzia bihur dadin ahalbidetzeko. Gainera, 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planak eta hurrengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak ezarritako ekintzen barruan kokatzen da estrategia hori.