Eusko Jaurlaritzak 31,4 milioi euro zuzenduko ditu euskaltegiak eta autoikaskuntzako zentro homologatuak finantzatzera

Actualizado: viernes, 7 octubre 2011 15:19

GERNIKA (BIZKAIA), 7 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusiaren bi ebazpen onartu ditu gaur Gernikan (Bizkaia) egindako bileran, eta horien bidez, euskaltegi publiko eta pribatuei eta autoikaskuntzako zentro homologatuei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dira, 2011-2012 ikasturteari dagozkion euskara-ikastaroak direla eta. Finantzaketa horretarako 31.441.000 euro erabiliko dira.

Alde batetik, ebazpenetako baten xedea da euskaltegi pribatuek eta autoikaskuntzako zentro homologatuek 2011-2012 ikasturtean (2011ko urritik 2012ko irailera) euskara-ikastaroak emateagatik jasoko dituzten diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea. Diru-laguntza horien kariaz ematen diren zenbatekoak HABEko aurrekontuetan horretarako jasotako zuzkiduren kontura finantzatuko dira.

Guztira 20.730.000 euro dira, honela banatuta: 17.245.000 euro, euskaltegien ekimenez antolatutako aurrez aurreko ikastaroetako jarduera laguntzeko; 1.145.000 euro, euskaltegien eta autoikaskuntzako zentro homologatuen ekimenez antolatutako autoikaskuntzako ikastaroetako jarduera laguntzeko; 1.200.000 euro, ikasturte osorako eta hitzarmenaren pean taldeak hartzen dituzten euskaltegien jarduera laguntzeko; 450.000 euro, ikasturte erdirako eta hitzarmenaren pean taldeak hartzen dituzten euskaltegien jarduera laguntzeko; 690.000 euro, barnetegien jarduera laguntzeko.

Diru-laguntzok euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzako zentro homologatuek eskatu ahalko dituzte, bakoitzari berariaz eskatzen zaizkion baldintzak betetzen badituzte. Ebazpen honek 28.000 ikasle euskalduntzea eta 1.200 langileren soldaten kostua finantzatzea ahalbidetuko du.

Gaur onartutako beste ebazpenak udal euskaltegiei edo udalen menpeko erakundeei atxikita dauden euskaltegiei, hots, udal titulartasuneko euskaltegi publikoei, diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen ditu, 2011-2012 ikasturterako, euskaltegi horietan 2011ko urritik abendura eta 2012ko urtarriletik irailera emandako euskara-ikastaroak direla eta.

Diru-laguntza horien kariaz ematen diren zenbatekoak HABEko aurrekontuetan horretarako jasotako zuzkiduren kontura finantzatuko dira, guztira 10.711.000 euro izanik. Ebazpen honen bidez egiten den deialdiko diru-laguntzen onuradunak HABEren Erregistroan izena emanda dauden udal titulartasuneko euskaltegi publikoak izango dira.