Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro jarriko ditu Aparkabisaren kapital-gehikuntzan

Actualizado: martes, 12 abril 2011 15:54

GASTEIZ, 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 350.029 euro jarriko ditu "Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de Transportes de Bizkaia, A.B." sozietatearen kapital-gehikuntzarako, eta horrela, egun duen %19,96ko partaidetzari eutsiko dio.

Aparkabisa sozietatearen xedea da Bizkaian salgaien zentral integralak sustatu, prestatu eta ustiatzea eta ibilgailu astunentzat aparkalekuak eskaintzea. Sozietateak 47,6 milioi euroko kapitala zeukan orain arte, eta Eusko Jaurlaritzak 9,5 milioiko partaidetza zuen, hau da, kapitalaren %19,96.

Europar Batasuneko herrialdeen arteko merkataritza-harremanak ugaritu eta garraioaren sektoreak ekonomian gero eta pisu handiagoa hartu ahala, hainbat zentro sortu dira Europan garraio-eskaintza eta -eskaria leku berean biltzeko, eta intermodalitatea koordinatu ahal izateko, horrek asko errazten baitu garraio-enpresen antolaketa, kudeaketa eta koordinazioa.

Horrela bada, eta garraioko zentro horiek sustatzen jarraitu ahal izateko, sozietatearen kapitala handitzea erabaki da. Horrela, sozietatearen kapitalari 1.749.667 euro gehituko zaizkio, 480,81 euroko balio nominala izango duten 3.639 akzio izendunetan banatuta.