Eusko Jaurlaritzak 42,2 milioi euro inbertituko ditu I+G+B bultzatzeko Gaitek, NETs eta Hedatu programetan

Actualizado: martes, 29 noviembre 2011 15:16

GASTEIZ, 29 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 42,2 milioi euro inbertituko ditu Gaitek, NETs eta Hedatu programetan enpresa-arloko I+G+B babestu eta bultzatzeko eta euskal enpresa-lehiakortasunerako funtsezko euskarri-elementu gisa sendotzeko.

Gainera, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatuta, Gobernu Kontseiluak Gaitek, NETs eta Hedatu programetarako laguntza-deialdiaren aurrerapena onartu du gaur, azaroaren 29an, egoztekoak diren gastuak 2012. urte osoan egikaritu ahal izateko, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

Gaitek programak 37,9 milioi euroko hasierako hornidura du, eta produktu berrien garapen hutsera bideratutako I+Gko proiektuak egiteko laguntza ematen du, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Laguntza horien hartzaileak enpresak (handiak zein ETEak), fundazioak, enpresa-elkarteak eta enpresen arteko taldeak dira.

2009tik %81 gehitu da laguntza jaso duten proiektuen kopurua programa horretan, 400etik 724ra igaro baitira. 1.021 enpresa aurkeztu ziren 2011n, eta 714ri eman zitzaien laguntza, onartutako 724 proiekturekin. Iazko deialdian baino 600.000 euro gehiago ditu programak 2012rako.

Bestalde, NETs programak lau milioi euroko hasierako hornidura du, eta oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berriak merkaturatzeko euskarri izango diren I+Gko proiektuak egiteko laguntza eskaintzen du. Laguntza horien hartzaileak enpresak (handiak zein ETEak), fundazioak, enpresa-elkarteak, enpresen arteko taldeak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak dira.

Halaber, Hedatu programak 300.000 euroko hornidura du eta zientzia, teknologia eta berrikuntza zabaltzeko jarduerei laguntza eskaintzen die. Zehazki, jakitearen eta ikerketa zientifiko-teknologikoen emaitzen, kulturaren eta zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal sistemaren ezaupidearen dibulgazio-sustapena bultzatu nahi du, baita herrialdearen irudi teknologiko eta berritzailea ere, enpresa-arloari eta euskal gizarteari bideratuta, bikaintasun-maila handiagoak bultzatzeko.

Horien hartzaileak, kasu honetan, enpresak, fundazioak eta enpresa-elkarteak dira, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen erakunde teknologikoak ere.

DEIALDIAREN AURRERAPENA

Hiru programa horietarako deialdiaren aurrerapena duela urtebete hasi zen, enpresek laguntza horiek ekitaldiaren hasieratik bertatik jaso ahal izan zitzaten lortzera bideratutako neurri gisa. Kasu honetan, 2012ko hasieratiko jarduera biltzen duten eskaerak aurkeztu ahalko dira. I+Gri lotutako jarduerak finkatzeko etengabeko laguntza behar dela kontuan izanda hartu du erabaki hori Eusko Jaurlaritzak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planean eta 2010-2013 aldiko Lehiakortasun Planean bilduriko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren baitan daude hiru programak, Europa 2020rako ezarritako xedeekin uztartzen dira, eta Euskadi ikerketa eta teknologiako europar erreferentzia bihurtzea dute helburutzat.

Hiru programek (Gaitek, NETs eta Hedatu) eskaerak aurkezteko muga-egun bera izango dute, hots, martxoaren 30a. Deialdien ebazpena ere aurreratu ahal izatea da deialdia ixteko egunak aurreratzearen arrazoia. Ixteko egunen aurrerapena hiru hilabete ingurukoa da aurreko urteetako deialdiekin alderatuz gero.