Eusko Jaurlaritzak 440.000 euro jarriko ditu zinema-aretoak digitalizatzeko

Actualizado: martes, 18 octubre 2011 13:25

GASTEIZ, 18 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak zinema-aretoak digitalizatzeko laguntzak arautzen dituen Blanca Urgell Kultura sailburuaren agindua onartu du. Diru-laguntzen lerro berri honetarako 440.000 euroko aurrekontua aurreikusi da. Aginduaren xedea da 2011ko urtealdian zinema-aretoetan proiekzio digitalerako sistemak ezartzeko laguntzak emateko deialdia egitea eta horretarako baldintzak ezartzea.

Agindu honen ondorioetarako, eta ikus-entzuleek kultura-ekoizpenaren dibertsitatea eskura izateko helburuarekin, digitalizaziorako laguntza hauek zinema-aretoek egiten duten programazioaren arabera emango dira.

Laguntzak jaso ahal izateko, zinema-erakusketarako aretoen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: aretoa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) finkatuta egotea eta 2011ko abenduaren 31n proiekzio digitala emateko gauza izatea; toki berean eta enpresa-izen berean kokatutako pantaila bat edo gehiago (laguntza-modalitatearen arabera) edukitzea.

Gainera, areto hauek, agindu hau argitaratu baino gutxienez sei hilabete arinagotik publikoari irekita egon beharko dute; leihatila eta diru-sarreren deklaraziorako sistema bat izan beharko dute, eta Espainiako Kultura Ministerioaren Zine eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko zinema-aretoen erregistroan (ICAA) izena emanda egon beharko dute.

Dena den, laguntza jaso ahal izateko, zinema-aretoek Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartu behar dituzte beren programazioan, %35eko proportzioan gutxienez eta aginduan adierazitako modalitate bakoitzarekin bat, 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitartean. Lehentasuna izango dute jatorrizko bertsioan eta euskaraz ematen diren emanaldiek.

Hiru laguntza-modalitate daude. Alde batetik, gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %40, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak daude.

Bestetik, gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %35etik gora eta gehienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak daude.

Azkenik, bost pantaila baino gehiago dituzten eta urteko programazioaren %50, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak daude.

Deialdian ezarritako laguntzen gehienezko zuzkidura, guztira 440.000 euro da; horietatik, 220.000 euro erabiliko dira gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioan gutxienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartzen dituzten aretoetarako modalitatean; beste 220.000 euroak deialdi honetako beste bi modalitateetarako erabiliko dira.

Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuak. Zinema-aretoak digitalizatzeko laguntza hauek ezingo dute gainditu proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuen %50.