Eusko Jaurlaritzak 660.000 euro bideratuko ditu Kultura Bonuaren kanpaina berrira

Actualizado: martes, 22 noviembre 2011 17:39

GASTEIZ, 22 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2011-2012 Gabonetako kanpainarako 'Kultura Bonua' garatzeko eta sustatzeko Blanca Urgell Kultura sailburuaren Agindua onartu du, eta guztira 660.000 euro bideratuko ditu egitasmora, alegia, 44.000 bonu saltzeko diru-kopurua.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia biziberritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak duen egitasmoaren baitan, eta aurreko kanpainetan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak "Kultura Bonua" programa berritu du, alegia, arte eta kultura ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2011-2012 Gabonetako kanpainan aipaturiko kultura produktu horiek suspertzeari begira.

Euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa lagunduko du diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura bonu batzuen bidez (44.000). Bonuok hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta haien bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.

Bonu bakoitzak 25 euroko kostua izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari kanpainari atxikitzen diren establezimenduetan liburuak edo musika euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bonu bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak hautatutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo du kultura-bonua saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bonu bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarriko ditu entitate kolaboratzaileak, dela txartela blokeatuz dela bestelako prozeduraren baten bidez.

Merkataritza establezimenduak "Kultura Bonua" programari atxikitzeko epea azaroaren 24an hasi eta abenduaren 7an amaituko da (biak barne). Pertsona interesadunek abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak finantza-entitate kolaboratzaileak gaitutako kutxazainetan. Bonuak soilik programari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, 2011eko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 20ra bitartean. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.