Eusko Jaurlaritzak 9.000 euroko diru laguntza emango du abokatutzan aritzeko euskarazko masterrerako

Actualizado: martes, 16 diciembre 2014 13:36
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 9.000 euroko diru laguntza emango dio Bizkaiko Abokatuen Bazkun Ohoretsuari, Gobernu Kontseiluak hala erabakita, abokatutzan aritzeko euskarazko masterraren gastuak ordaintzeko. Laguntzaren bidez, etorkizuneko abokatuak prestatzeko Euskadiko euskarazko master bakarrak jarraipena izatea bermatuko du Jaurlaritzak.

   Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburuak adierazi duenez, jarraipena izatea garrantzitsua da ikasleek abokatutzan euskaraz aritzeko beharrezko gaitasunak bereganatu ditzaten, eta, bide batez, Justiziaren esparruan hizkuntza normalizaziorako ekarpen bat izango da. "Horrela, Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazio kalitatezko, eraginkor eta elebiduna izateko konpromisoan aurrera egingo du, halaber", gaineratu du.

   Diru laguntza hori Auzia Euskaraz proiektuaren barruan dago jasota. Eusko Jaurlaritzak proiektu hori abiarazi zuen Justiziaren esparruan hizkuntza normalizazioa bultzatzeko. Zehazki, proiektuari esker, prozedura judizialak erabat euskaraz izapidetzea lortzeko asmoa dago, abokatuak demanda judizial bat jartzen duenetik dagokion ebazpena egiten den arte.

   Guztira, 2015. urtean, Eusko Jaurlaritzak 774.000 euro bideratuko ditu Justizia Administrazioko langileen hizkuntza normalizaziora, herritarren euskaraz egiteko eskubidea bermatzeari dagokionez aurrerapausoak emateko.