Eusko Jaurlaritzak adimen lehiakorrari eta teknologia-zaintzari buruzko tailerrak hasiko ditu Elgoibarren (Gipuzkoa)

Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 13:07

DONOSTIA, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez abiaraziko ditu aste honetan Adimen Lehiakorrari eta Teknologia-zaintzari buruzko tailerrak, euskal enpresen artean etengabeko berrikuntza sustatzeko helburuarekin.

Iaz Jabetza Intelektualari buruzko Hedapen eta Prestakuntza Jardunaldietan parte hartu zuten euskal enpresa txiki eta ertainen kopuru dezente handi baten eskaerari erantzunez, Industria Sailak tailerren edizio berri bat antolatu du, oraingoan euskal industriaren lau sektore estrategikotara bideratuta: automozioa, informazio teknologiak eta telekomunikazioak, energia berriztagarriak eta biomedikuntza eta osasuna.

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jakinarazi duenez, SPRIk antolatutako tailerretan sektore bakoitzeko jarduera espezifikoak gauzatzeko behar den metodologia emango da ezagutzera. Hala, automozioari buruzko lehen tailer praktikoan auto hibridoaren kasua izango da aztergai, eta auto mota horrek motorrari, direkzioari, LED argiei, kontroleko elektronikari eta abarri dagokionean dituen aukerak azalduko dira.

Automozioari buruzko tailerrak EAEko parke teknologikoetan, industrialdeetan eta sektore-zentroetan emango dira, euskal enpresentzat errazagoa izan dadin tailer horietan parte hartzea. Horrela, lehen tailerra martxoaren 9an izango da, Elgoibarren, Deba Beheko Industrialdean, hain zuzen. Martxoaren 22, 24, 25, 29 eta 31n Arabako Parke Teknologikoan, Laudioko Industrialdean, Bizkaiko Parke Teknologikoan, Donostiako Parke Teknologikoan eta Zornotzako AIC zentroan egingo dira, hurrenez hurren.

Hizlari bezala arituko dira Juan Castro SPRIko Teknologi, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria eta SPRIko Juan Luis Nuñez, eta jarduera honi aplika dakizkiokeen programak (Compite-Iniciativas, I+G bultzatzeko Aldatu eta NETs) azalduko dituzte. Halaber, Tekniker IK4/CDE-ko Xabier Garcia Kortazar eta Juan Carlos Vergarak eta informazioaren teknologiako datu-baseetan munduko liderra den Thomson Reuters España agentziako Merce Albak ere parte hartuko dute.