Eusko Jaurlaritzak Basque Global Network sarea sortu du kanpoan den euskal komunitateko kideak biltzeko

Basque Global Network sarearen aurkezpena
IREKIA
Actualizado: viernes, 29 julio 2016 14:36

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Basque Global Network (BGN) sarea sortu du kanpoan den euskal komunitateko kideak biltzeko eta nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrak eta euskal gaiekin kidetasuna duten pertsonak bertan integratzeko helburuarekin.

Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Lehendakaritzan Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejok. Proiektu hau Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020 Basque Country Estrategian bilduta dagoela azaldu dute. Sareak egun batzuk darama funtzionatzen eta 210 kide ditu, gutxienez 20 herrialdetan bizi direnak.

Marian Elorzak azaldu duenez, Euskaditik kanpo bizi diren euskal herritarrak, edo euskal gaiekin zerikusia dutenak, oso profil ezberdinetakoak dira. Kanpoko euskal komunitatean, besteak beste, ekonomiaren, kulturaren, erakundeen edo hezkuntzaren arloan diharduten pertsonak daude, "eta elkarrekin partekatzen duten ideia Euskadi da".

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren arduradunak adierazi du Basque Global Network sareak planetako edozein tokitik Euskadiko gaurkotasunarekin lotzeko aukera emango duela. "Sareko kide guztien arteko harremanak ahalbidetuko dituen erreminta bat da", gaineratu du.

Euskal sare globala honako hauei zuzenduta dago: jatorriz euskaldunak diren eta Euskaditik kanpora (iraunkorki edo aldi batez) bizi diren pertsonei, nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrei (non bizi diren kontuan hartu gabe), euskal etxeekin lotura duten pertsonei, nazioarteko beste euskal sare birtual batzuetako kideei eta euskal gaiekin kidetasuna dutenei.

Gainera, plataforma berriaren hizkuntzak euskara, gaztelania, ingelesa eta fantsesa izango dira, nahiz eta ez dagoen beste hizkuntza batzuk erabiltzeko mugarik.

BOST ARLO

Basque Global Network sarean bost arlo edo azpisare egongo dira: instituzionala, enpresariala, kulturala, hezkuntzakoa eta garapenerako lankidetzarakoa. Arlo hauek euskal komunitateak une hauetan nazioarteko esparruan garatzen dituen lan ildoei dagozkie. Sare honetan parte hartzeko eskaera egin beharko da identifikazio pertsonalarekin, eta eskaera egiten duena bost arlo hauetako bati lotuko zaio.

INE estatistika erakundearen datuen arabera, gaur egun 84.300 euskaldun daude mundu osoan banatuta, eta 34.000 pertsona inguru mundu osoko 25 herrialdetan ezarrita dauden 190 euskal etxeei eta federazioei atxikita daude. Gainera, jatorriz euskaldunak diren eta euskal gaiekin kidetasuna duten milioika pertsona daude munduan banatuta.