Eusko Jaurlaritzak Belfast bisitatu du, bakeari eta bizikidetzari buruzko esperientziak trukatzeko

Fernandez Belfasteko alkatearekin
Foto: IREKIA
Actualizado: jueves, 16 enero 2014 17:52

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok eta Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek osaturiko Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza, Gazteriaren Euskal Kontseiluko lehendakari Itsaso Anduezarekin batera, Belfasten daude egunotan, SEUPB Europako Programa Berezien Erakundearekin, Ipar Irlandako hainbat erakunderekin eta tokiko erakunderekin bilerak egiteko. Bileron helburua, Europar Batasuna Ipar Irlandan egiten ari den Peace programaren harira, bake eta bizikidetzako gaietan abian jarritako programak ezagutzea da.

   Bidaiari esker, Ipar Irlandan martxan dauden ekimen zehatzak ezagutu nahi dira, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Bake Planaren harira ezarriko dituenak ezagutaraziz. Hain zuzen ere, aztertutako arloak hezkuntza, gazteria, herritarren parte hartzea, bizikidetzarako udal politikak eta biktimen aitortza izan dira.

   Bilera horien artean dago, esaterako, ostegun honetan Jonan Fernandezek Belfasteko alkate Mairtin O Muilleoirrekin izan duena; O Muilleoirrek interes handia agertu du Fernandezek aurkeztu dion Bake eta Bizikidetza Planari buruz,eta erakunde bien artean elkarlana bultzatzeko prestasuna adierazi du. Bestalde, Mikel Anton, Monika Hernando eta Itsaso Andueza biktimen arretarako elkarteekin eta hezkuntzako elkarteekin bildu dira.

   Eusko Jaurlaritzak "oso positibotzat" jo ditu Belfasten izandako bilerak. Jonan Fernandezen iritzian, "oso aberasgarriak" izan dira, eta lankidetzarako esparruak sortu daitezkeela adierazi du. "Eusko Jaurlaritza eta, oro har, euskal gizartea aurrerapauso positiboak eman dituzte bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Bide hori osatzeko, biolentzia pairatu duten beste herrialdeetako esperientziei irekita egon behar gara", esan du.

   "Ipar Irlanda eta Euskadi bi errealitate desberdin dira, fase desberdinetan daudenak, baina, hain zuzen ere horregatik, ezagutzak eta esperientziak trukatzea aberasgarria da, Euskadin txertatu ditzakegun ekimenak aztertu ditzakegulako", gaineratu du.