Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro banatuko ditu turismoaren sektoreko laguntzetan

Actualizado: martes, 31 mayo 2011 13:15

DONOSTIA, 31 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro erabiliko ditu turismoaren sektorean inbertitzeko, enpresa-sarearen garapena sustatzeko eta euskal turismoaren eskaintzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko, Gobernu Kontseiluak gaur onartutakoaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren "Gauzatu-Turismo" programaren bitartez laguntzak ematen dira turismoan inbertitzeko eta turismoa garatzeko interes estrategiko berezia duten enpresak sortzeko.

Programa horretatik sustatu nahi diren inbertsio-proiektuen bitartez, enpresa turistiko berriak sortuko dira eskaintzan -nola turismo-produktuaren ikuspegitik hala lurraldearen ikuspegitik- oraindik behar bezala garatu ez diren segmentuetan, eta, horri esker, kalitatezko eskaintza lehiakorraren garapena eta dibertsifikazioa erraztuko da, egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuteko gai izango dena.

"Gauzatu-Turismo" programak finantzatutako inbertsioek honako hauek hartzen dituzte eraginpean: eraikin bat eraikitzea edo eraikin eraiki berri bat erostea, hotel-erabilera emateko; lehendik bazegoen eraikin bat birgaitzea edo modernizatzea, hotel-erabilera emateko; lehendik bazeuden hoteletako instalazio eta ekipamenduak zabaltzea; eraikinak eraiki edo birgaitzeko aukera, landetxe edo apartamentu turistiko gisa erabiltzeko; kanpinak eraiki eta hobetzeko aukera; turismo-enpresak edota produktuak sortzea edo zabaltzea naturaren, aisialdiaren edo osasunaren arloko jardueren aldetik turismorako erakargarriak diren sektoreetan.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 16an hasiko da eta hilabetean amaituko da, baldin eta kreditua agortu ez bada. Laguntzek gehienez %30eko diru-lagunta ematen dute, eta laguntza horiek gehienez sei hilabeteko epean ebatziko dira, programa argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Laguntzek 2.000.000 euroko zenbatekoa izango dute guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-sailei dagozkien baliabide ekonomikoen kontura finantzatuko dira, ekitaldi honetarako aurrekontuak abenduaren 23ko 2/2009 Legean arautu direla aintzat hartuta. Deialdi honen kargura eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du lege horretan ezarritako zenbatekoa gainditu. Beraz, zenbateko hori agortzen denean ez da laguntza gehiago emango, eta xedapen honek une horretan bertan utziko dio eraginkorra izateari.

Eusko Jaurlaritzak turismo-azpiegituren eta horien ekipamenduen modernizazioa bultzatu nahi du, bai eta turismo-enpresa berritzaileen garapen teknologikoa bultzatu ere. Ildo horretan, inbertsio horrek Euskadiren turismoaren sektorea eraldatzen lagundu nahi du, kalitatearen, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren eredu bihurtzeko, Sailak berak landutako 2010-2013 Turismo Marketineko Planean zein 2010-2013 Euskal Turismoaren Berrikuntza eta Lehiakortasun Planean zehaztutako helburuak betez.