Eusko Jaurlaritzak Bilboko metroaren 3. linearen automatizaziorako obraren eta proiektuaren kontratazioa baimendu du

Actualizado: miércoles, 5 enero 2011 18:01

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, Bilboko metroaren 3. linearen CBCT delako sistema burutzeko obra eta proiektua kontratatzeko espedientearen hasiera baimendu du, hau da, linearen automatizaziorako lehen pausoa eman du. Jarduera horren oinarrizko aurrekontua

65.000 eurokoa da, eta burutzeko epea bi hilabetekoa izango da.

Gidatze automatiko sistema (ATC - CBTC) horrek segurtasun, erregulartasun eta zerbitzua erabiltzeko aukera gehiago eskainiko die erabiltzaile guztiei, eta horrez gain, malgutasun handiagoa emango du, eskaintza eskarira egokitzeko, izan ere, aukera eskainiko du era automatikoan trenak linean gehitzeko edo bertatik kentzeko, garraio beharren arabera.

Sistema hori arrakastaz ezarri da jada zati bat inauguraturik duen Bartzelonako metroaren 9. linean. Sistema automatizatuak Kontrol Postu Zentrala du, eta bertan langile prestatuak egongo dira. Bertan zentralizatuko dira operazio guztiak eta bertatik gainbegiratuko da trenen zirkulazioa, trafiko orokorraren arabera.

Kontrol Postu Zentralaren eta trenen artean etengabeko komunikazioa egongo da, denbora-tarteak eta ordutegiak egokitzeko eta, aldi berean, beste telekomunikazio sistema batzuk ere ezarriko dira, bidaiariei informazioa bidaltzeko eta linea osoaren segurtasuna gainbegiratzeko.

Enkantean emango den azterlan horren helburua, aipaturiko sistemaren funtzionaltasuna definituko duten paper-orrien idazketa da, eta baita seinaleztapen eta zirkulazio segurtasun sistemaren kontratazioa ere, linea horretako zirkulazioen funtzionamendu, kontrol eta segurtasun egokirako.

Horretarako, honako puntu hauek jasoko dituen planteamendu orokorra egin beharko da. Alde funtzionalean eta antolakuntzakoan, besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko ditu: merkataritza-zerbitzua egunean 24 orduz eskaintzeko aukera, urteko egun guztietan, epealdi horretako mantentze lanei dagokien zerbitzua barne; une oro erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea, lur azpiko trenaren instalazioetara sartzen diren unetik bertatik; instalazio eta tren guztien gainbegiraketa eta kontrola, automatizaturiko kontrol postu batetik.

Teknologiari dagokionez, linea horretarako aurreikusitako kontrol sistemaren berezitasunak eta gidaririk gabeko gidatzeko era kontuan izanik, haren betekizun nagusiak ETS-k zehaztuko ditu, paper-orriak idazten ari diren bitartean.

Bilboko metroaren 3. lineak 5,8 kilometroko ibilbidea izango du, honako geltoki hauekin: Matiko, Uribarri, Zazpi Kaleak, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Etxebarriko San Antonio. Horri esker, inguru horretan bizi diren 70.000 pertsona baino gehiagok metro geltokia izango dute euren etxeetatik hamar minutu baino gutxiagora.