Eusko Jaurlaritzak Deustu eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubiaren eraikuntza proiektuaren idazketa esleitu du

Actualizado: viernes, 16 septiembre 2011 18:15

BILBO, 16 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Arenas y Asociados-CV Ingeniería enpresen aldi baterako batasunari esleitu dio Zorrotzaurren egongo den uhartera sartzeko zubiaren eraikuntza-proiektuaren idazketa lana. Zorrotzaurre, Deustuko Ubidea zabaldu eta gero, uharte bilakatuko da.

Proiektua egokitu zaion Arenas y Asociados enpresak esperientzia zabala du zubi mugikorren, hiri barruko zubien, trenbideko zubien, oinezkoentzako igarobideen edo zubi historikoen zaharberritze lanen diseinuari eta eraikuntzari dagokionez.

Gaur egun, Bizkaian dagoen Fulcrum ingeniaritza enpresarekin batera ari da lanean EHU-Leioa-Sestao-Barakaldo tranbiaren Leioa-Urbinaga zatiaren eraikuntza-proiektuaren idazketan. Proiektu horren barruan itsasadarraren gainean egongo den zubi mugikorra sartzen da.

Enpresa honek egindako lan ospetsuenetakoa Zaragozako Expoko Hirugarren Milurteko zubia da. Beste lan ezagun batzuk, Sevillan, Expo'92rako egindako Barquetako Zubia edo eta Bartzelonako Portuan dagoen Torroteko kaiko zubi mugikorra dira.

Aurrekontua 175.000 eurokoa da, eta hamar hilabeteko epea duen proiektuaren idazketa lanen barruan, honako alderdi hauek dimentsionatu, definitu eta garatu beharko dira beste batzuen artean, zubiaren tipologia, oholtzaren ebaketa tipoa, soilik ibilgailuen, txirrindularien eta oinezkoen zirkulaziorako egokia, hau da, ez da tranbia ibiltzeko zubia izango.

Zubiaren burutzapenaren eta Zorrotzaurreko eremuaren garapenaren eta Deustuko bide egituraren eta bizitzaren arteko bateragarritasuna ere sartzen dira alderdi horietan, gainera, horretaz aparte, integraziorako beharrezkoak diren faseak definitu beharko dira, besteak beste lur azpiko instalazioak (ur hornidura, gasa, hondakinen bilketa pneumatikoa, elektrizitate hodiak, komunikazioak, etab.) zubiaren oholtzaren barruan integratzea.

Deustua (IMQ-ren instalazio berrien parean) eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubia, joan zen urtean Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren artean lortutako akordioaren ondorio da. Akordio hori Etxebizitza Sailaren bitartez egin da, Sail hori izango baita proiektuaren idazketaren kostua bere gain hartuko duena.

Deustuko kanala irekitzea eta Zorrotzaurreko penintsula uharte bilakatzea lagungarri izango da, beste batzuen artean, inguruan uholdeen arriskua murrizteko. Horrela, Bilboko udala une honetan Deustuko Kanala irekitzeko eraikuntza proiektuaren idazketa lizitatzen ari da.