Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek gizarte-larrialdietarako laguntzen garapena adostu dute

Actualizado: jueves, 12 mayo 2011 11:14

BILBO, 12 May. (EUROPA PRESS) -

Eudel Euskal Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2011. urterako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) arautzen dituen araudian zenbait aldaketa egitea adostu dute. Gainera, hitz egiten jarraituko dute 2012an aplikatzekoa izango den GLLen erregulazio berria diseinatzeko.

2011ko lehen hiruhilekoa igaro ondoren, Eudelek eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen indarreko araudiak lehen hilabete hauetan izan duen portaera ebaluatu dute. Bi erakundeek adostu dutenez, aurten enplegurako pizgarriak aplikatuko dituzte, hau da, lanetik diru-sarrera txikiak ateratzen dituzten pertsonei GLLak eskuratzeko erraztasunak emango dizkiete. Neurri hori atzeraeraginez aplikatuko da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gainera, udalentzako GLLen ordainketa bizkortu egingo da, udalerriek egindako gastuaren hiru hilean behingo justifikazioak udalaren gizarte-zerbitzuen arduradunaren sinadura eraman ahal izango duelako, idazkariak edo kontu-hartzaileak zertan sinatu gabe. Horrek esan nahi du burokrazia-izapide gutxiago egin behar izango direla eta denbora ere aurreztuko dela, bi aste batez beste.

2012rako GLLen araudiari dagokionez, Eudelek eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak elkarlanean aritzeko adostasuna lortu dute, araudi hori hobetzeko gehitu beharreko alderdiak lantzeko, hala nola eskatzailearen ondarea zehaztea eta ehunekoak baliabideen arabera aplikatzea; ohiko etxebizitza eta bizilekua erosteko sinatutako kredituen interesetatik eta amortizaziotik eratorritako gastuak estaltzeko GLLak aztertzea; eta aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako GLLen gehieneko zenbatekoa finkatzea.

Hori guztia, bi erakundeek gizarte-larrialdietarako laguntzen eredu berria sortzeko elkarlanean egin behar duten lana alde batera utzi gabe, "eraginkortasunez, kalitatez, baliabideak optimizatuz eta finantza-nahikotasunez gauzatuko dutena", erakundeotako iturriek adierazi dutenez. Iaz, 20.000 familiak jaso zituzten laguntza horiek, gutxi gorabehera.

Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak lehen urrats hori egin izana goraipatu nahi izan dute, eta, ildo horretatik, datozen hilabeteetan erakundeen arteko elkarrizketarekin aurrera jarraitzeko borondatea adierazi dute, dinamika horrek politika publikoen bateratzea, eta, azken batean, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea, ahalbidetzen duen neurrian.