Eusko Jaurlaritzak finantza-kudeaketako prestakuntza eta oinarria ematen dizkie 500dik gora autonomo, ETE eta mikroETEei

Actualizado: lunes, 24 enero 2011 14:24

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak prestakuntza eta oinarriak ematen dizkie SPRIren bidez 500dik gora autonomori eta 50 langile baino gutxiago dituzten enpresei, finantza-kudeaketaren arloko gaitasuna eta esperientzia hobetu ditzaten. Horretarako, finantza-esparruko aholkularitza-enpresak kontratatuko dituzte, prestakuntza, tresnak eta baliabideak izan ditzaten etorkizun hurbilean finantza-kudeaketa onena gauzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak 2,694 milioi euro inbertitu ditu Gaikuntza eta Finantza-zaintza Programan. Programa hori joan den urteko azken hilabeteetan sortu zen, aurretik zegoen "Resiste" programa zabaltzeko, zeren azken horrek Gaikuntza eta Finantza-zaintza Programaren helburu berdinak izanik ere, kanpoan uzten baitzituen autonomoak, ETEak eta mikroETEak. Horregatik sortu da "MiniResiste" programa.

"MiniResiste" programaren bidez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak honako hauek eskaintzen dizkie enpresei: prestakuntza teorikoa, prestakuntza teorikoan ikasitakoa gauzatzen laguntzeko prestakuntza praktikoa eta aholkulari edo tutoreen laguntza enpresei beren eguneroko finantza-kudeaketan aholku emateko.

Industria, merkataritza eta turismo sektoreetako 50 langile baino gutxiagoko enpresen eta autonomoen eskaerak onartu dira programa honen barruan. Programa hau zabalik egon zen iazko abuztutik irailera; guztira 696 laguntza eskaera jaso ziren, eta horietatik 519ri erantzun zitzaien.