Eusko Jaurlaritzak foro parte hartzaile bat antolatu du bere Klima Aldaketaren Estrategia diseinatzeko

Jaurlaritzak antolaturiko foro parte hartzailea
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 25 marzo 2015 14:14

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde sozial eta ekonomiko nagusietako 30 ordezkari inguru bildu ditu asteazken honetan Bilbon, Klima Aldaketaren Euskal Estrategia diseinatzen laguntzen duten ideiak eztabaidatzeko eta ekartzeko asmoz.

   Estrategia horrek 2050. urterako denbora-esparrua aurreikusi du. Gaur egun jendaurreko informazio fasean dago, eta uda baino lehen onartuta egotea espero da. Bere helburu nagusien artean, azpimarratzekoa da klima aldaketa moteltzeko eta hari aurre egiteko jarduerak plangintza publikoan integratuko direla eta administrazioak jardun eredugarria izango duela, karbono gutxiko gizartera aldatzeko bidean aurre egiteko.

   "Euskadik Europako emisio guztien %0,5 soilik sortzen duen arren, garrantzitsua da nazioarteko ahaleginei eusten jarraitzea eta gure etorkizuneko bidea zehazten duen estrategia bat ezartzea, bai emisioak murrizteko eta bai klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko ere", adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak.

   Estrategiaren zirriborroan, klima aldaketari buruzko tokiko ezagutza kontuan hartzearen alde egiten da, erabakiak hartzerakoan. Halaber, berrikuntza eta garapen teknologikoa bultzatzearen alde egiten da, berotegi efektuko gasen emisioak sektore guztietan murriztu ahal izateko; "izan ere, horrek motelduko du lurraldeak klima aldaketaren aurrean duen urrakortasuna".

   Orobat, euskal gizartearen eragile guztien erantzunkidetasuna bultzatzeko beharra azpimarratzen da, moteltze eta egokitze ekintzetan. "Euskadik 2008-2012 epealdirako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana izan du, hau da, bide bateratu bat ahasi zuen plan aurrendari bat. Orain, aurrera egiten jarraitzeko etapa berri bat hasi da", gaineratu du.

COP KONFERENTZIA

   Azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean, klimari buruzko mundu osoko ekitaldi garrantzitsuenetako bat egingo da Parisen: Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren Alderdien arteko Konferentzia, COP izenaz ezagunagoa. Konferentzia horrek 21. bilera egingo du, eta espero da nazioarteko akordio batekin bukatuko dela, Kyotoko Protokoloak bere garaian lortu zuen adostasunaren ildotik.

   "Helburua da Parisko goi bileran Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onartuta egotea. Horregatik, lankidetzazko lan esparru hau funtsezkoa da estrategiaren ikuspegia eta jardunbide nagusiak definitzeko", azpimarratu du Barredok.

   Parisko COP 21en helburu nagusia da karbono gutxiko gizarte eta ekonomietarantz aurrera egiteko oinarriak jartzea, berokuntza globala 2 gradutik behera mantentzeko.