Jaurlaritzak ia 147 milioi euro bideratuko ditu industriako I+Grako laguntzetara

Jaurlaritzako ordezkariak
IREKIA
Actualizado: lunes, 11 enero 2016 13:04

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 146.850.000 euro bideratuko ditu ikerkuntza eta garapen teknologikoa babesteko eta euskal industria sendotzeko programen deialdietara. Zehazki, lau deialdi desberdin izango dira: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek Plus.

   Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak aurkeztu du astelehen honetan Bilbon I+G babesteko eta euskal industria sendotzeko programen sorta. Enpresek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileekin lankidetzan gauzatuko dituzten proiektu edota zerbitzuak izango dira helburu hori lortzeko bitartekoak. Horiez gain, ikerketa estrategikoko ildoak eta ikertzaileen zeregina laguntzeko neurriak daude.

   Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Teknologiako zuzendari Leire Bilbao lagun zituela, Tapiak azaldu du zeintzuk diren Euskadiko I+G arloko erronka nagusiak eta zer testuingurutan dagoen alor hori ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua -Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzekoa- indarrean jarri ostean.

   Halaber, Tapiak gaineratu du Euskadik "herrialde estrategia bat" duela I+G alorrean "ekonomiaren eta gizartearen lehiakortasun erronkei erantzuteko bultzagarri gisa".

   Modu honetan, euskal industria laguntzera bideratutako I+G programak, enpresen eta ZTBESeko eragileen parte hartzearekin garatuak, auurki argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), lau deialdi desberdinetan: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek Plus.

   Lau programa horietan bilduko da industriaren I+Grako laguntza guztia, 146.850.000 euro guztira, diru laguntza itzulezinen bitartez, hau da, iaz baino %9 gehiago esleitu da sail horretan, eta 2014tik %18,24 izan da gehikuntza metatua.

   Ekimen horietan gehitzekoak dira Industria 4.0 proiektuetara soilik bideratutako laguntza programa zehtzak ere: 2.211.516 euroko zenbateko gehigarria. Laguntza sortu berriak direnez, aurreikusi da etorkizunean finkatzen joango direla, Euskadiko industria ehunaren eskariaren eta premien arabera; hala, Basque Industry 4.0 estrategiaren esparruan industria aurreratuaren joera berriei erantzuteko aurkeztutako programen osagarri da neurri sorta berri hori.

DEIALDIAK

   Horrela, Hazitek programa berriak Etorgai, Gaitek eta NET programak ordezkatuko ditu eta, 68 milioi euroko guztizko zenbatekoan, enpresei bideratutako bi laguntza lerro hartzen ditu barruan: Lehiazko proiektuak (38 milioi) eta Proiektu estrategikoak (30 milioi).

   Elkartek programak, 24 milioi euroko deialdi baten bitartez, ZTBESko eragileek (zentro teknologikoak, IKZk, Enpresako I+G Unitateak eta abar) lankidetzan garatutako oinarrizko eta industria arloko ikerkuntza sustatuko du.

   Emaitek Plus programak 52,6 milioi euroko deialdia du, eta zentro teknologikoak eta ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) finantzatzeko tresna izango da. Horretarako, haien jardunaren emaitzak ebaluatzen dira, emaitzei begirako zentro eredu berriari jarraikiz eta zentro bakoitzaren jarduera planei erreparatuz.

   Azkenik, Berrikertu programak 2,2 milioi euroko diru laguntza emango du enpresetan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean ikertzaileak kontratatzeko eta horien lehiakortasuna hobetzera lagunduko dituzten teknologikoki maila altua duten lantaldeak sortu daitezen.