Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoaren ezaugarriak azaldu dizkie Madrilen dauden diplomazialariei

Actualizado: jueves, 17 septiembre 2015 13:25

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria hainbat herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin bildu da ostegun honetan Madrilen, Kontzertu Ekonomikoa zer den eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta Espainiako Estatuaren arteko zerga eta finantza harremanak nola arautzen dituen azaltzeko.

   Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan egin duten bileran, Gatzagaetxebarria ez ezik, Zerga Administrazioko zuzendari Itziar Agirre, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariaga eta Alemania, Argentina, Belgika, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Mexiko, Portugal eta Erresuma Batuko enbaxadetako arduradun ekonomikoak eta komertzialak ere izan dira.

   "Euskadiren eta Estatuaren arteko Kontzertu Ekonomikoa" izeneko lan bileran, Euskadiko instituzioen egitura, Kontzertu Ekonomikoaren definizioa eta ezaugarriak eta Euskadiren eta Estatuaren arteko zerga  eta finantza harremanak azaldu dizkiete ordezkari diplomatikoei.