Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro erabiliko du "Sormen Lantegiak" programaren barruko proposamenak garatzeko

Actualizado: martes, 14 junio 2011 16:26

GASTEIZ, 14 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak "Sormen Lantegiak" programaren barruan 2011. urtean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen Blanca Urgell Kultura sailburuaren Agindua onartu du gaur. Pertsona eta enpresa sortzaileentzako laguntza-lerro berri honetarako, guztira, milioi bat euro erabiliko da.

Kultura Sailaren iritziz, egokia da lerro zehatz bat abian jartzea artearen ikuspegi hutsetik zein ekoizpenaren kudeaketaren ikuspegitik berrikuntza sustatzeko, talentu eta praktika sortzaile berriak ager daitezen, horrela kultura-edukiak sortzeko egiturak berritu ahal izateko, bereizgarritasun propioak dituzten eraketa artistiko berriak sortu ahal izateko eta, oro har, gerora Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotu dadin.

Hori dela eta, agindu berri hau jarri da abian, 2011. urtean "Sormen Lantegiak" programaren barruan gauzatuko diren eta artea berritzeko aukera onenak sustatzeari begira arte eta gizarte eremuen arteko elkarguneak bultzatuko dituzten diziplinarteko proiektuetara zuzenduta.

Eremu horiek, zehazki, hiru multzotan banatzen dira. Lehenengo multzoak ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia eta loturiko beste batzuk barne hartzen ditu, hala nola zirkua, magia eta bertsolaritza.

Bigarren multzoa kultura-ekonomiaren beste eremu batzuk hartzen ditu, zehazi, eskulangintza, diseinu grafikoa edo industriala, gastronomia, moda, kultur ondarea, denbora-pasarako eta komunikaziorako software elkarreragileak, robotika eta antzekoak.

Hirugarrena zientziaren eta gizartearen alorrean mamitzen diren arloak hartzen dituen multzoa da, eta bere baitan daude zientzia aplikatuak (enpresen administrazioa, nekazaritza, arkitektura eta ingeniaritzak, bioteknologia, komunikazio zientziak, osasun zientziak, ekonomia, industria, ingurumena, metalurgia, garraioa eta antzeko beste zientzia aplikatu batzuk), gizarte-zientziak (demografia, ekologia, pedagogia, hirigintza eta antzeko beste gizarte zientzia batzuk) eta gizarte-lana (mendetasuna, ahalmen urritasunak, gizarte-bazterketa, tratu txarrak, presoak, adindunak, indarkeriaren biktimak, genero-berdintasuna eta antzeko beste gizarte-alor batzuk).

Onargarriak izateko, proiektuek lehenengo multzoko arte-diziplinetako batean argiro sartuta egon behar dute eta, era berean, elkargune garbi bat izan behar dute gainerako multzoetako batekin, gutxienez.

MODALITATEAK

Aipatu bezala, diru-laguntza hauetarako bideratutako diru-kopurua, guztira, milioi bat euro izango da, eta lau modalitateren artean banatuko da. Alde batetik, "Sorgune" modalitaterako 501.000 euro erabiliko dira, eta proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da.

Programa espezifikoak antolatuz eta horretarako behar diren zuzkidura, azpiegitura eta egiturak erabiliz, banakako pertsonei zei kolektibo sortzaileei hainbat prozesuri ekiteko espazioak, baliabideak eta lankidetzarako laguntza eskaintzen dizkieten zentroek aurkezten dituzten jarduera-proiektuetara bideratua dago "Sorgune" modalitatea, betiere orientabidetzat hartuta adierazpen artistikoen berrikuntza, talentuak antzematea eta bultzatzea, eta kudeaketa parte hartzailea.

Bestetik, "Ikertu" modalitateko diru-laguntzetarako 100.000 euro erabiliko dira, 5.000 euroko 20 laguntzatan banatuta, hain zuzen ere. Modalitate hau proiektuen eta prototipoen aldez aurreko diseinua helburu duten proposamenetara bideratua dago; ideia, hipotesi edo hasierako kontzeptu batetik abiatuta beren bidezkotasuna, interesa, originaltasuna edo egokitasuna ikertzeko proposamenak izan behar dira, bai eta beren bideragarritasuna ere, produktu edo prozesu artistiko jakin bat, gerora gara daitekeena, bilakatzeko.

Modalitate honetako eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango.

Halaber, "Arragoa" modalitateak 299.000 euro banatuko ditu diru-laguntzetan. Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 euro izango da, eta inoiz ere ezingo da gainditu eskabidearen helburu den jardueraren kostuaren %65.

Modalitate hau bideratua dago ikerketarekin, berrikuntzarekin eta garaikidetasun artistikoarekin loturiko proiektu kulturaletara -seriean produzitzeko modukoak izan edo ez, baina betiere tankeraren eta edukiaren egituragatik horrelakotzat ezagutzeko modukoak-, publikoaren artean banatuak, erakutsiak eta kontsumituak edo partaidetuak izateko helburua dutenak.

Azkenik, "Agertu" modalitatean proiektuak eta produktuak erakutsiak eta aurkeztuak izatera bideratutako diru-laguntzen kopurua 100.000 euro izango da. Edozein modutan, laguntzak ez du inoiz gainfinantzaketarik ekarriko eta ez ditu, halaber, honako kopuruak gaindituko: 2.000 euro proiektuak aurkezteko, eta 6.000 euro produktuak erakusteko.

Modalitate hau proiektu edo produktu sortzaileak jendaurrean erakutsiak edo aurkeztuak izateko bideratua dago, bai zentro edo aretoetan, bai programazio, jaialdi eta azoketan, erakusketa, foro, merkatuetan eta, oro har, proiektu eta produktu sortzaile horiek balioztatuko dituen edozein ekitalditan.