Eusko Jaurlaritzak 9 milioi euro eman die elkarte eta udalei merkataritza-eremuak dinamizatzeko

Merkataritza laguntzeko jarduerak aurkeztu dira
Europa Press
Actualizado: martes, 20 diciembre 2011 13:03

BILBO, 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 9 milioi euro jarri ditu 2011. urtean elkarte eta udalen eskura, hiri-inguruneetako merkataritza-eremuak dinamizatzeko laguntza-programaren bitartez. Gainera, programa horrek 17,5 milioi euroko inbertsioa eragin du ekintzak abian jartzean.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak hainbat ekintza aurkeztu dituzte gaure Bilbon. Hain zuzen ere, hiriko merkataritza-eremuak sustatzeko laguntza-programaren eta dinamizazio-bulegoen bitartez eta merkatarien elkarteekin eta Euskadiko udalekin elkarlanean garatzen ari den ekintza multzoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak.

Programa horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ekintzen kostuaren %80 lagundu du diruz. Zehazkiago, 9 milioi euroko diru-laguntzak eman ditu, eta, horren eraginez, 17,5 milioi euroko inbertsioa sortu da. Dinamizazio-bulegoen sareak jardun horiek guztiak sustatu ditu, eta interesdunei aholkularitza eskaini die.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza lortzeko, udalek eta merkatarien elkarteek zenbait baldintza bete behar izan dituzte, besteak beste, lankidetza publiko-pribaturako akordioa sinatu dute, eta bertan, nork bere ingurunea dinamizatzeko helburuak adierazi ditu. Horri esker, inplikatutako eragile eta erakunde guztien arteko sinergiak lortu dira, eta hiri-ingurunearen merkataritza-jarduerari balioa eman zaio.

Aurkezpenean Zorrillak azpimarratu duenez, Euskadiko saltokiek "beren onena" eman dute bezeroen alde, gutxi gorabehera 200 sustapen jarduera garatuz hiri-inguruneetan. Ekintza horiek guztiak abenduaren lehen egunetatik urtarrilaren lehen astera bitartean garatzen ari dira.

Halaber, Merkataritza eta Turismo sailburuordeak adierazi du Eusko Jaurlaritzak programa hori abian jarri zuela hiri-inguruneei balio handiagoa emateko herritarren erosketa, aisia eta gizarte-harremanetarako toki ezin hobeak diren heinean, eta, bide batez, bezeroak leialtzen laguntzeko. Hala, kontsumitzaileei kalitatezko ingurune erakargarriak eskaini nahi zaizkie, erosketak errazteko bitarteko jakin batzuk haien eskura jarriz, hala nola haurtzaindegiak, jolasguneak, kontsignak edo doako aparkalekuak.

Ekintzak askotarikoak dira: Gabonetako argiak merkataritza-eremuetan; opari-zozketak, erregeen astean erosketekin truka daitezkeenak; Gabonetako loteen zozketak; Teneriferako bidaia baten zozketa; haurrentzako tailer eta ludotekak; ipuin-kontalariak eta beste zenbait jarduera haurrentzat, gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean; ikuskizunak merkataritza-kaleetan; Olentzeroren haurrentzako dei pertsonalak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2015erako Euskal Merkataritza Egokitzeko Planak ezarritako ildo estrategikoaren esparruan kokatzen dira ekintza horiek guztiak. Plan horren helburu nagusia hirietako merkataritzaren lehiakortasuna eta dinamizazioa bultzatzea da, lankidetza publiko-pribatuko aliantza eta plataformen bitartez.