Eusko Jaurlaritzak txoke-abaletarako 200 milioi euro jartzea onartu du

Actualizado: viernes, 28 enero 2011 18:27

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 200 milioi euro jarri ditu guztira txoke-abalen berariazko programan EAEko enpresen trakzio-proiektuak finantzatzen laguntzeko. Neurri horrek, orain arte, 1.000 milioi euroko inbertsioak mugiarazteaz gain, enplegua sortzen eta hornitzaile askoren lan-karga handiagotzen lagundu du.

Ekimen hau 2009ko bigarren seihilekoan jarri zen abian eta ordutik 22 proiektu izan dira laguntzen onuradun. 2009an, bost proiektu izan ziren lagunduak eta 39 milioi euro eman zitzaien. Lehen proiektua, Batz, Matrici eta Troquenor enpresek burututako "Jaguard-Land Rover" izenekoa izan zen; horren ostean, Gorostidi, Papelera de Amaroz, Fagor (Encastre proiektua) eta Ramón Vizcaíno-ren txanda izan zen, "Almacén Frigorífico Agrofino" proiektuarekin. Abal horiek 191 milioi euro mugiarazi zituzten inbertsiotan.

Abalen programak Europar Batasunaren oniritzia jaso zuen eta 2010eko otsailean onartutako dekretu baten bitartez arautu zen. Iaz beste 17 proiektu onartu ziren, 161 milioi euro eman ziren abaletan eta 882 milioi euro mugiarazi ziren inbertsiotan.

Laguntzen onuradunak honako enpresa hauek izan ziren: GHI Labe Industrialak, Lagun Artea Industriak, Danobat Railway Systems, CIE Korporazioa, Clean Energy Euskadi, Global Dominion Acces, Brunnschweiler, Goratu Makina-Lanabesa, Mendiguren eta Zarraua, SAPA, Muruetako ontziolak, Lointek, Construcciones Navales del Norte (baldin eta Jan de Nul armadorearentzako ontzia berresten bada), Loire SAFE, Fagor Arrasate, Gorosabel Elektrizitatea eta Ramón Vizcaíno, Afrika Proiekturako, baldin eta enpresak jarraitzen badu.

Txoke-abalen politika Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin adostu da. Gaur bertan elkartu dira Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru erakundeek osatutako Abal Publikoen Programaren Jarraipen Batzordea, eta "oso positiboki" baloratu dituzte emaitzak.

Bestetik, bileran akordioa lortzeko lehen urratsa hitzartu da 2011. urtean ere txoke-abalen programa bat onartzeko, Europako araudi berriari egokituta. Erakundearteko tresna-izaerari eutsiko zaio, Jaurlaritza eta hiru aldundien artekoa. 2011ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzak 400 milioi euroko diru-saila jaso du abal-programa horretarako.