Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Bidegileak bildumako hiru sorta berri argitaratu ditu

Actualizado: martes, 5 abril 2011 20:31

DONOSTIA, 5 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bidegileak bildumako 59, 60 eta 61 sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Sorta berri horiek aurkezteko ekitaldia egin du Donostiako Miramar Jauregian eta bertan 100 idazle eta eragile bildu dira.

Ekitaldiko buru Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu Blanca Urgell eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi izan dira, eta Bego Muruaga Euskararen Sustapenerako zuzendariak edota bizirik dauden bidegile nahiz liburuxken egileek ere parte hartu dute.

Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu diren Bidegileak bildumako sorta berrietan euskararen alorrean bidegile izan diren 12 euskal pertsonaren bizitzaren eta lanaren inguruko informazioa jasotzen da. Bildumaren helburua euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak eta haien lana ezagutzera ematea da.

Xede horrekin gaur aurkeztu diren sortak ondoko euskalari hauen ingurukoak dira: Martin Olazar Uribe, Mikel Atxaga Fernandez, Jose Maria San Sebastian "Latxaga", Mikel Laboa Manzisidor, Frantzisko Inazio Lardizabal Urretabizkaia, Jean-Pierre Duvoisin, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte Zubitur, Indalezio Bizkarrondo "Bilintx", Juan Frantzisko Petriarena "Xenpelar", Pedro Mari Otaño Barriola eta Antonio Zavala Echeverria.

Horietatik guztietatik Maria Pilar Lasarte eta Emile Larre bizirik daude; Emile Larre ezin izan da ekitaldira etorri, baina Maria Pilar Lasarte bertan izan da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi dira. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ordea, ezezagun gertatzen dira jendearentzat, baina guztiek euskararen alde lan itzela egin dute.

Bidegileak bildumaren helburua da euskararen bidegile izan diren pertsona horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta erakargarrian kaleratzea. Hori lortzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku uzten da.

Gaur aurkezturiko 12 liburuxka horietako bakoitzetik 2.300 ale inprimatu dira eta, paperean plazaratzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean ere jarriko dira lehenago argitaratutako liburuxkekin batera. Sorta berrien zabalkundea, ohi den moduan, salmenta lekuen bitartez egiteaz gain, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietan ere egingo da.

"EUSKARAREN MENDIA"

Olatz Yarzak gidatutako ekitaldian, Lurdes Auzmendik Miramar Jauregira bertaratu diren idazle eta eragileei ongietorria egin die. "Euskararen alde lanean aritutako gizon-emakumeak gogoratu eta omendu nahi ditugu gaur hemen", adierazi du du Auzmendik.

Ildo horretan, Bidegileak bildumaren garrantzia azpimarratu du. "Euskararen mendia egiten ari gara eta mendi hori osatzeko Bidegileak bilduma hondar ale garrantzitsu bat da, baina ez bakarra", esan du. Ildo beretik, aurrera begira ere, euskara sustatu eta normalizatzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.

Bestalde, Blanca Urgellek zorionak eman dizkie euskararen bidea urratzen, egiten eta sakontzen aritu diren eta ari diren guztiei. "Bistan da, erabili eta landu egin behar dela euskara, horrexek ematen baitio bizia hizkuntzari", adierazi du, eta aurrera begira ere, era honetako proiektuak babesteko konpromisoa hartu du.

"Badakigu hizkuntza biziko bada, jaiotzazko nahiz jaio ondoko euskaldunen leialtasuna beharrezkoa dela. Konpromisoa hartua dugu belaunaldi berrietan euskararen ezagupena eta erabilera bermatzeko, bai eta euskararen irudiari prestigioa eman eta euskarazko produktuak nahiz kontsumoa indartzeko ere", adierazi du.