Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ia 300.000 euro banatu zituen laguntzetan iaz zinema-aretoen artean

Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 14:33

Urte honetarako Laguntzen Planak 440.000 euro banatuko ditu zinema-aretoen digitalizazioa laguntzeko


BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 297.044 euro banatu zituen laguntzetan joan den urtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 29 zinema-aretoren artean, Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen kopiak alokatzeko. Laguntzen helburua ikus-entzuleek kultura-ekoizpenaren dibertsitatea eskura izatea da, eta 2011ko planak zinema-aretoen digitalizaziora zuzenduko ditu laguntzak. Plana ICAA Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin batera burutuko da.

Joan den urteko balantzea eta 2011ko planaren aurrerapena eskaini ditu prentsaurrekoan gaur Bilbon Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak. Carlos Cuadros ICAA-ko zuzendari nagusia, Carlos Moran Santutziko (Bizkaia) Serantes Aretoko ordezkaria eta Koro Odriozola Donostiako SADE-ko ordezkaria ere egon dira.

Laguntza planaren 297.044 euroetatik 241.143,60 euro gehienez hiru pantaila dituzten aretoetara (A modalitatea) zuzendu ziren; gainontzeko 55.900,40 euro hiru pantaila baino gehiago dituzten zinemen artean banatu ziren (B modalitatea). Azken kasu honetan laguntzak jasotzeko eskubidea izateko aretoen programazioko %50 baino gehiago Europar Batasunean eta Iberoamerikan ekoiztutako filmak izan behar zituzten 2009ko azaroaren 1a 2010eko urriaren 31a artean.

EAEn guztira 63 zinema-areto daude, Kulturaren Euskal Behatokiaren 2010eko zinema-aretoei buruzko txostenaren arabera. Beraz, euskal zinema-aretoen %50,79k eskatu zuen laguntza. 63 aretotik, 44k gehienez hiru pantaila dituzte eta 19k hiru pantaila baino gehiago.

Iazko deialdira aurkeztutako 32 proiektutik 27 A modalitatekoak (hiru pantaila edo gutxiago) izan ziren, eta bost B modalitatekoak (hiru pantaila baino gehiago). Azken bost proiektu hauetatik hiruri ezezkoa eman zitzaien derrigorrezko Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen programazio portzentajea betetzen ez zutelako. Hau da, A modalitateko aretoen %61,36k eta B modalitateko aretoen %26,31ek 2010ko deialdira aurkeztu ziren. Lurraldeen araberako banaketari dagokionez, areto gehienak Gipuzkoakoak ziren (20), 11 Bizkaikoak eta Arabako eskakizun bakar bat izan zen.

Diru-laguntzak banatzeko, Kultura Sailak hurrengo balorazio-irizpideak hartu ditu kontuan: lehenengoz, Europar Batasuneko jatorrizko euskarazko bertsioan film emanaldiak; ondoren, Europar Batasuneko euskara ez beste hizkuntza bateko jatorrizko bertsioan film emanaldiak; eta hirugarrenik, gaztelaniaz bikoiztutako Europar Batasuneko film emanaldiak eta Iberoamerikako film emanaldiak.

2011KO LAGUNTZEN PLANA

Bestalde, Toralek iragarri du 2011ko Laguntzen Planak zinema-aretoen digitalizaziorako diru-laguntzak eskainiko dituela eta 440.000 euro inguruko aurrekontua duela. Horietatik 220.000 euro Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ipiniko luke, eta gainontzeko 220.000 euroak Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioaren menpe dagoen ICAA Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak.

Egun zinema-aretoen beharrak kontuan izanik erabaki da aurtengo diru-laguntzak digitalizaziora zuzentzea, EAEn sektoreak aurre egin behar duen beharrezko gaurkotze teknologikoari laguntzeko eta bultzatzeko.

Laguntzak jasotzeko zenbait baldintza bete beharko dira. Garrantzitsuena aretoen programazioaren portzentaje bat -inoiz ez %40 baino gutxiago- Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen emanaldietarako erreserbatzeko beharra. Honela, Europan eta Iberoamerikan ekoiztutako filmak emango dituen sare moderno eta erakargarria sortuko da, 2010 Laguntzen Planaren helburuekin ere jarraituz.