Eusko Legebiltzarraren 2012ko aurrekontua 33,6 milioi eurokoa izango da, aurrekoa baino %2,95 gutxiago

Legebiltzarrak 2012ko aurrekontua onartu du
EUSKO LEGEBILTZARRA
Actualizado: viernes, 9 diciembre 2011 14:37

GASTEIZ, 9 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Legebiltzarraren 2012ko aurrekontua 33.627.394,14 eurokoa izango da, hau da, 2011koa baino %2,95 gutxiago (1.020.953,33 euro gutxiago). Ganberako Lehendakaritzari esleitutako aurrekontu-saila da gehien jaitsiko dena, %52,12 murriztuko baita, eta 2011n esleitutako 940.000 eurotik 2012an 450.000 euro izatera pasatuko da. Eusko Legebiltzarrak ostiral honetan onartu du bere aurrekontua, gehiengoz, Aralarren abstentzioarekin.

Hirugarren urtez segidan, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideen eta langileen soldatak eta dietak -2010ean murriztu zirenak- izoztu egingo dira. Legebiltzar-taldeentzako diru-laguntzak ere izoztu egingo dira. Hala, adibidez, telekomunikazioen aurrekontu-saila %45 murriztu da 2011koaren aldean; gainera, Lehendakaritzaren mendeko erakunde-programak %41 eta 2012rako aurreikusitako inbertsioak %24 jaitsi dira.

Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzan "nabarmen" murriztu da publizitateko erakunde-kanpainei dagokiena (2011n esleitutako 200.000 eurotik datorren urteko 50.000 eurora), eta desagertu egin da CALRE erakundearekin lotutako erakunde-ekitaldiak antolatzeko aurrkeontu-saila -2011ko esleipena 100.000 eurokoa zen-.

Aurrekontuaren murrizketak ez du eragotziko Legebiltzarreko jarduna normaltasunez betetzea, erabat ziurtatua baitu bere funtzionamendua. Gaur onartutako aurrekontua egungo krisialdi egoeran Eusko Legebiltzarrak izan beharreko austeritate-politikaren barruan kokatzen da.