Euskonews aldizkaria ekonomikoki laguntzeko kanpaina bat abiarazi du Eusko Ikaskuntzak

Actualizado: jueves, 14 marzo 2013 13:34

BILBO, 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi du Euskonews zientzia eta kulturari buruzko bere aldizkaria astekaria izatetik hamabostean behin argitaratzera pasatu dela, murrizketa ekonomikoen ondorioz, eta aldizkaria egiten duten "guztion gogoz kontra". Hori dela eta, aldizkaria ekonomikoki laguntzeko kanpaina bat jarri du martxan Eusko Ikaskuntzak.

"Argitaratzen jarraitu ahal izateko bizitzen ari garen egoera honi aurre egiteko jar ditzakegun baliabide guztiak ongi etorriko zaizkigu, Euskonews argitaratzen segituko badugu. Horregatik irakurleen sostengua eskatzen jarraitu behar dugu eta orain arte egin ez dena ere planteatzen: Euskonews aldizkariarentzat laguntza ekonomikoa eskatu", azazldu dute prentsa ohar batean aldizkariaren arduradunek.

Horrela, Euskonews ekonomikoki laguntzeko kanpaina abian jarri da, eta bertan, dohaintza behin edo behin baino gehiagotan egin ahal izango da, nahi den edo ahal den kopuruan. Honako helbide honetan diruz lagundu ahal izateko informazio gehiago aurkitu daiteke: www.euskonews.com/laguntza. Urtearen amaieran, Sara Otaño artistaren margo irudi bat zozkatuko da diruz lagundu dutenen artean.

Euskonews 1998an sortu zen. Bertatik 660 elkarrizketatu baino gehiago pasa dira, 20.000 artikulu idatzi dira, 4.000 kolaboratzailetik gora aritu dira, 200 artisau eta 300 artista baino gehiagoren obrak ikusi ahal izan dira, eta 7.000 harpidedun inguru bildu ditu. Azken bost urteetan (2008-2012) 6.864.216 bisita jaso ditu eta 10.614.978 orri kontsultatu dira.

"Ez da erraza, inolaz ere, Euskonewsen ardura dugunontzat horrelako eskaera egitea, baina zailagoa egingo litzaiguke 15 urteko ibilbidea etetea", adierazi dute.