Euskotrenek autobusen ibilbidea aldatuko du Eibarren larunbat honetan

Actualizado: viernes, 30 enero 2015 13:19

DONOSTIA, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoak autobusen ibilbidea aldatuko du Eibarren (Gipuzkoa) larunbat honetan, urtarrilaren 31n, Eibar-Atlético Madril partidaren inguruan antolatutako ekintzak direla eta.

Horrela, Euskotrenek jakinarazi duenez, eguerdiko 12:00etatik aurrera Eibarko erdigunea oinezkoentzako bakarrik izango da, eta autobus zerbitzuan aldaketa batzuk egin beharko dira. Zehazki, Mallabia-Ondarroa eta Ermua-Azpeitia lineatan (Ondarroarantz eta Azpeitirantz zirkulazioak, hurrenez hurren), behin Untzagako geldialdia eginda, taxi geralekuaren aurrean, autobusak Bilborako noranzkoan jarraituko dute. Hortik, Azitaineraino joango dira, Estazio kaletik sartu gabe.

Jarraian, geldialdia Iparragirreko errepide berriaren ondoan egingo dute eta Ondarroarantz edo Azpeitirantz jarraituko dute biribilgunean bertan biratuz. Kontrako noranzkoan, Ondarroatik Mallabiara eta Azpeititik Ermura zirkulazioek ez dute aldaketarik izango.

Udalbus herri barruko autobus zerbitzuari dagokionez, kendu egingo da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Azken zerbitzua 11:20an izango da Amaña-Azitain noranzkoan, eta 11:40an Azitain-Amaña noranzkoan.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek 902 543 210 informazio telefono zenbakia, Euskotrenen www.euskotren.es webgunea eta Twiterreko @euskotrenEJGV esteka erabil ditzakete.