BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -
EuskoTrenek Bilboko trenen eta tranbiaren maiztasunak areagotuko ditu gaur, gaueko 22:00etan hasita Athleticek eta Bartzelonak jokatuko duten Kopako finala San Mamesera pantaila erraldoietan ikustera doazen pertsonen joan-etorri beharrak betetzeko, konpainiak jakinarazi duenez.
Horrela, tranbian, ohiko zirkulazioez gain, 21:30 arte hamar minutuz behin zirkulazioak izango dira. Gainera, lau tranbia zerbitzu berezi eskainiko dira 21:03an, 21:23an, 21:35ean eta 21:45ean, Pio Barojatik La Casillarantz.
Norgehiagoka amaitu ondoren, Ospitaletik, 23:58an, 0:05ean eta 0:12an tranbiaren zirkulazio bereziak jarriko dira martxan ohiko zerbitzua indartzeko. Unitate berezi horiei esker geraleku horietan dauden bidaiari guztiak eraman ahal izango dira. Tranbiarako sarrera errazagoa eta azkarragoa izan dadin, ordaintzerakoan Creditrans erabiltzea gomendatzen da.
Trenei dagokienez, Bilbo-Ermua linean, ohiko zirkulazioez gain, 0:45ean eta 3:00etan Atxuritik irtengo diren bi zerbitzu berezi egongo dira, geldialdia geltoki guztietan eginez. Bilbo-Bermeo linean, ohiko zirkulazioekin batera, 0:50ean eta 3:25ean Atxuritik irtengo diren bi zerbitzu berezi izango dira, eta geldialdia geltoki guztietan egingo dute.
Azkenik, Txorierriko linean ohiko zirkulazioa eskainiko dira, eta, ondoren, 1:00etan, 2:00etan eta 3:30ean Zazpi Kaleetatik irtengo diren hiru zerbitzu berezi egongo dira, geldialdia geltoki guztietan eginez. Halaber, beste hiru irteera egongo dira Lezamatik, 1:30ean, 2:30ean eta 4:00etan. Informazio gehiago lortzeko, erabiltzaileek 902 543 210 telefono zenbakira dei dezakete edota www.euskotren.es webgunea kontsultatu.