Euskotrenen Durangoko tailerrak eraisteko lanak hasi dira

Arduradun politikoak eraisketa obren aurrean
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 13:40

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Euskotrenek Durangon (Bizkai) dituen tailerrak eraisteko lanak hasi dira asteazken honetan. Eraisten hasi aurretik, langileek kotxetegien eta biltegiaren profilak eta txapa metalikoak kendu dituzte, estalkiak desmuntatu dituzte eta aprobetxatu daitekeen material guztia birziklatzera bideratu dute.

   Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak lanak bisitatu ditu, Aitziber Irigoras Durangoko alkatearekin eta Antonio Aiz Garraio sailburuarekin batera, eta bere hitzetan, "trenbide azpiegitura zaharrek hartzen zituzten lurren berreskurapenak herritarrentzako espazio zabala sortuko du".

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Murias enpresari esleitu dizkio Durangoko tailerrak eta kotxetegiak eraisteko lanak, 287.000 euroren truke, eta bi hilabete inguruko epean egiteko. Izan ere, Abadiñon dauden Lebarioko instalazio berriak zerbitzu guztiak ematen ari dira dagoeneko.

   Datozen egunetan hasiko dira Durangoko trenbideko egitura handia desmuntatzen, hau da, zutabeak, trenbideak eta trabesak. Zeregin horiek eta tailerrak eta kotxetegiak eraisteko lanak, beste pauso bat dira, ondoren, herriaren erdigunea urbanizatzeko egin beharko diren lanei ekiteko.

   Bi proiektuak aldi berean egingo dira denboran, baina bereiztuta esleitu dira. Trenbideko egitura handiren desmuntatzea Tecsa enpresak egingo du, eta horren truke 548.000 euro jasoko ditu, eta bost hilabete izango ditu lanak egiteko.