Euspot euskarazko iragarkien lehiaketak 50 lan jaso ditu

Actualizado: viernes, 28 abril 2017 14:16

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

Euspot euskarazko iragarkien lehiaketara lanak aurkezteko epea joan den asteazkenean bukatu zen eta 50 lan aurkeztu dira guztira, Euskal Herriko herri ezberdinetakoak. Euspot lehiaketaren seigarren edizioan berdintasunaren eta integrazioaren aldeko iragarki onenak sarituko dira. Lehiaketaren helburua da publizitate arloan euskararen erabilera hedatzea eta euskaraz lan egiteko gai izango diren profesionalen harrobi lana egitea, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundia da Euspot lehiaketaren antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Arizmendi ikastolarekin eta Arteman enpresarekin batera.

Publikoaren Sarirako aurten ere boto asko jasotzen ari da antolakuntza. Jada 1.500 boto jaso ditu eta maiatzaren 2ko eguerdiko 12:00ak arte iragarkirik gustukoena bozkatzeko aukera dago publikoaren eskura: http://euspot.eus/eman-zure-botoa/ Publikoaren botoa jasoz Publikoaren Saria daukate jokoan parte hartzaileek, 500 euroko saria, hain zuzen ere.

Publikoaren kuttunenaren izena sari banaketa ekitaldian jakingo da, gainerako sarituekin batera. Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n izango da. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Parte hartu duten iragarki finalistak erakutsiko dira bertan eta sariak banatu. Guztira lau sari banatuko dira: spotik onena (1.000 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasle onenaren saria (500 euro), Publikoaren saria (500 euro) eta 14-18 urtekoentzako BHKlip saria (250 euro).