Ez Dok Hiru taldeak "Euskal musikaren benetako istorioa" estreinatuko du aste honetan Arriaga antzokian

"Euskal Musikaren Benetako Istorioa" Lanaren Protagonistak
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 6 marzo 2017 13:48

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Ez Dok Hiru bikoteak "Euskal musikaren benetako istorioa" lana estreinatuko du aste honetan Bilboko Arriaga antzokian. "Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria" asteartean eta asteazkenean ikusi ahal izango da antzoki bilbotarrean.

Publiko helduari zuzendutako antzezlana da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak sortu ditu testuak eta Mikel Martinezek eta Telleriak berak "zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin defendatuko dute taula gainean".

Oraingoan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du eskenatokia, "hitzari zuzeneko musikaren indarra gehituz". Zeregin horretan arituko dira Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue. Guztia zuzentzeko lanetan Jokin Oregi izango da.

Euskal kantutegian oinarritutako antzerki ikuskizuna da, "gure musikarekiko maitasuna dariona", baina Ez dok Hiru bikotearen "estilo eroa, nahasgarria eta irrigarria azalerazten duena". Ikuskizun berrian 200 abesti baino gehiagoren zatiak agertuko dira, "eta denak ez badira, gehienak ezagun egingo omen zaizkigu".

Emanaldiak asteartean eta asteazkenean izango dira, 11:00etan eta 20:00etan, eta sarrerak salgai daude, 6,50 eta 18 euro artean, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.