Ezintasuna duten pertsonak laneratzearen aldeko hitzarmena berritu dute Vital Kutxak eta Gureak elkarteak

Hitzarmena berritu dute Vitalek eta Gureak Araba elkarteak
Foto: VITAL KUTXA
Actualizado: lunes, 20 abril 2015 13:20

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

   Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak eta Gureak Araba elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute. Bi erakundeen arteko lankidetzak ezintasuna duten pertsonentzako zenbait laneratze ibilbide irekitzea ahalbidetuko du, bai eta ezintasunaren eta enpleguaren arloan enpresa ehunean informazio eta kontzientziazio ekintzak garatzea ere.

   Fernando Aranguiz Vital Kutxako presidenteak eta Gurutze Zabala Gureak Arabako gerenteak sinatu duten hitzarmena Vital Kutxaren gizarte ekintzako programaren barruan sartzen da, finantza erakundeak lehentasunetakotzat baitu ezintasuna duten pertsonen aldeko ekintzak egitea.

   Gureak Araba elkartea 2001ean sortu zen eta urteen buruan erreferentziazko bilakatu da ezintasuna dutenen enplegu eskatzaileentzat. Haren jarduera nagusia industria azpikontratazioan izaten bazen ere, azken urteotako egoera ez egonkorrak zerbitzuen sektorean beste enplegu aukera batzuk bilatu behar izatera eraman du; hartara, bada, lanerako ikuspegi eta aukera berriak ireki ditu.

   Zehazki, orientazio zerbitzu bat du, 2005ean abiarazi zuena, eta enplegua aktiboki bilatzeko plan pertsonal bat eskaintzen du. Zeregin horretan modu pertsonalizatuan lan egiten du enplegu eskatzaile bakoitzarekin, dela motibazioan, dela lanerako prestakuntzan, dela gizarte eta komunikazio trebetasunetan, dela enplegua bilatzeko tekniketan, dela nork bere curriculum profesionala hobetzen.

   Elkarteak minusbaliotasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzeko duen konpromiso horren xedea da, batetik, pertsona haien bizi kalitatea hobetzea eta, bestetik, gizartea eta, batez ere, enpresa ehuna  sentsibilizatzea haiek beren lanbide ezaugarriak garatzeko dituzten gaitasunez. Horregatik, bada, hitzarmenak Arabako enpresen artean informazio  eta kontzientziazio ekintzak garatzea ere jasotzen du.