Ezintasuna duten pertsonei arreta emateko 28 plaza berri eskainiko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Publicado: martes, 15 abril 2014 14:33

DONOSTIA, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ezintasuna duten pertsonei arreta emateko 28 plaza berri eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Diputatuen Kontseiluak hala onartuta. Alde batetik, egoitza berri bat ireki da Irunen, garuneko paralisia duten 16 pertsonei arreta emateko, eta bestetik, 12 plaza gehiago kontzertatzea onartu da, Atzegiko tutoretzapeko zerbitzuan eta Gautenako eguneko zentroan.

Foru Gobernuko bozeramaile Larraitz Ugarteren hitzetan, "Gipuzkoako Foru Gobernuak argi dauka politika ekonomiko hoberena Gizarte Politikan inbertitzea dela, gastu sozial handiena duten gizarteek hobeto jasaten dutelako krisia, eta Gizarte Politikan inbertitzeak ekonomia aktibatu eta gastua sortzen duelako".

Horregatik, aurreko asteetan egin duen bezala, gaur ere gizarte zerbitzu publikoak indartzeko akordioak onartu ditu Diputatuen Kontseiluak. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 512.277 euro bideratuko ditu urtero Irunen ireki berri den egoitzan 16 plaza finantzatzeko.

Aspacek kudeatzen duen zentro honen barruan, gainera, bizimodu independenteagoa lortzeko esperientzia pilotu bat hasiko du ezintasuna duen bikote batek, banandutako apartamentu txiki batean. Errekurtso honen bitartez, bi pertsona hauek bizitza autonomoagoa egin ahal izango dute, beti ere behar dituzten laguntzarako baliabide eta arretarekin.

Momentu honetan, Gipuzkoan 35 pertsona daude bizimodu independentearen programan, baina etxebizitza "normalizatuetan" daude. Lehenengo aldiz, martxan jarriko da esperientzia hau egoitza baten barruan.

Horrez gain, Gautenako eguneko arretako zerbitzuan bi plaza gehiago eskaintzea onartu du Diputatuen Kontseiluak, eta Atzegirekin, bestalde, tutoretzapeko 10 plaza gehiago kontzertatuko dira. Guztira, 22.000 euro inguruko kostua izango dute.

Ugartek azpimarratu duenez, "Gizarte zerbitzuen sarea zabaltzea eta garatzea oso garrantzitsua da, baina ditugun baliabideak behar bezala mantentzea ere bai". Horregatik onartu da Gizarte Politikako Sailak aurten, 101.000 eurorekin hobetuko duela ezintasuna duten pertsonentzako sarearen finantzazioa.

Beste alde batetik, Donostiako Aldakonea egoitzako obretara 176.000 euro gehiago bideratzea erabaki du Diputatuen Kontseiluak. 2012an hasi ziren obrak egoitza honetan, 2.130.000 euroko kostuarekin eta 22 hilabeteko epearekin. Gauzatzen diren bitartean beharrezkotzat jo da proiektuan jasotzen ez ziren beste unitate batzuk ere egokitzea, batik bat, lehen solairuko logelak eta zona komunak.