Ezpeletan bukatuko den erlojuz kontrakoak erabaki dezake 2018ko Tourraren irabazlea

2018ko Tourraren ibilbidea
ASO
Actualizado: martes, 17 octubre 2017 13:29

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Frantziako Tourraren antolatzaileek 2018. urteko edizioaren ibilbidea aurkeztu dute astearte honetan, Parisen. Lasterketa uztailaren 7an hasiko da, Noirmontierren, eta 29an bukatu, Parisen. Azkenaurreko etapa Senperetik Ezpeletara (Lapurdi) egingo den 31 kilometroko erlojuz kontrako bat izango da, eta irabazlea eta podiuma erabaki ditzake.

Aurtengo berritasunen artean nabarmentzen da talde bakoitzak zortzi txirrindulari izango dituela, orain arteko bederatzien ordez. Gainera, lehen zortzi etapetan, bakoitzaren toki adierazgarri batetik igarotzen diren lehen hiru txirrindulariek segundo bat, bi eta hiruko sariak izango dituzte.

Lasterketaren lehen hastean faboritoen artean aldeak izateko aukera izango da, taldekako 35 kilometroko erlojuz kontrakoa jokatuko baita hirugarren etapan. Gainera, harbideak protagonismoa izango du, bederatzigarren etapa Roubaixen bukatuko baita, Paris-Roubaix klasikoa bukatzen den hirian, baina ez belomodroan, Christian Prudhome Tourraren zuzendariak zehaztu duenez.

Mendiko etapei dagokienez, Alpeak Pirinioen aurretik egongo dira, eta Pirinioetako etapen artean Bagneres-de-Luchon eta Saint-Lary-Soulan nabarmentzen da, 65 kilometro bakarrik izango dituelako. Rosiere, Alpe d'Huez, Madeleine, Croix de Fer, Peyragudes, Val Louron, Tourmalet, Aspin eta Aubisque igoko dira, besteak beste.

Parisera heldu aurretik zerbait erabakitzeke badago, aurreko edizioan bezala, azkenaurreko etapa banakako erlojuz kontrako bat izango da, Lapurdiko Ezpeletan bukatuko den 31 kilometroko ibilbidearekin.